Bertan behera geratu da aurtengo Flysch Trail mendi lasterketa

Baleike 2020ko api. 23a, 11:37

Aurten ez da Flysch Trail mendi lasterketa jokatuko. Hala erabaki dute antolatzaileek koronabirusaren pandemiak mundu mailan sortu duen egoeraz jakitun, eta korrikalarien eta ikusleen ongizatea ziurtatzerik ez zegoela ikusita.

Maiatzaren 3an zen jokatzekoa aurtengo Flysch Trail mendi lasterketa. Mountain Runningeko XXII. munduko kopako lehen jardunaldia osatuko zuten Classic eta Long Distanceko probak hartuko zituen. Asmoak asmo, koronabirusa ez hedatzeko ezarritako alarma egoerak kolokan jartzen zuen proba hau korritzea, eta, horregatik antolatzaileek lasterketa irailaren 27ra mugitzea erabaki zuten.

Baina, udazkenean halako proba bat jokatzeko baldintzak egokienak ez direla izango aurreikusten dute antolatzaileek, eta horregatik aurtengo lasterketa, eta haren inguruan antolatzen zen egitarau guztia, bertan behera uztea erabaki dute.

Bi arrazoi nagusi eman ditu antolakuntzak proba bertan behera uzteko. Batetik, euskal gizartearen egoera eta beharrak, ekonomikoak zein osasun arlokoak, hartu dituzte kontuan. "Gure babesleen aurrekontuak gizartean dauden premiazko beharrak arintzera bideratuko dira. Are gehiago, Osasun Ministerioaren esanetan, etorkizunean kasuen gorakada orokorrak izan daitezkeela jakin dugu". 

Bestetik, proba honetan lan egiten duten 450 boluntarioen segurtasuna jarri dute mahai gainean. "Hauek kutsatuak izan daitezke, edota sintoma gabeko eramaileak izan. Probak biltzen dituen 5.000 pertsona baino gehiagoko ekitaldi batean osasun berme gorenak lehenestearen autua egin dugu", azaldu du antolakuntzak.

"Arrazoi hauengatik, eta gure kasu zehatzerako ditugun datuekin, uste dugu guztiontzako erabakirik onena dela", azpimarratu du Flysch Traila antolatzen duen taldeak.

Datorren urteko lasterketari begira jarri dira dagoeneko antolatzaileak. Data berriak iragarri dituzte: maiatzaren 8an eta 9an egingo da XII. Flysch Traila. "Ziur gaude egoera beldurgarri hau ahaztuta eta gaindituta, 2021ean gure 12. edizioari aurre egiteko indarberrituta itzuliko garela".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide