Igandetik aurrera, haurrek ordubetez kalera ateratzeko aukera izango dute. Hala jakinarazi du gaur, osteguna, Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko presidenteordeak. Espainiako Gobernuak asteartean jakinarazi zuen haurrek etxe inguruan paseo laburrak egiteko aukera izango dutela astelehenean hasita, eta hala izango da. Dena den, hainbat arau edo neurri ezarri ditu erakundeak. Besteak beste, egunean behin ateratzeko parada izango dute umeek, etxetik kilometro batera urrutienez eta 09:00etatik 21:00etara bitartean.
Umeek adinez nagusia den guraso edo anai-arreba batekin irten ahal izango dute kalera, eta Iglesiasek azaldu du hiru haur batera atera ahal izango direla. Dena den, hark azaldu du etxetik ateratzean segurtasun tarteak mantendu beharko dituztela: ahal dela bi metroko distantzia mantendu beharko dute horiek, eta ezinezkoa bada, metro batekoa. Higiene neurriak ere hartu beharko dituzte, nahiz eta umeek maskarak erabiltzea ez den beharrezkoa izango. Jolas egin ahal izango dute umeek, eta etxetik horretarako materiala atera ahal izango dute. Dena den, parkeak itxita izango dira, eta beraz, ezingo dute horietara joan.
Bestalde, landa eremuan bizi diren umeez ere eman ditu zehaztapenak Espainiako Gobernuko presidenteordeak. Horiek mendi ingurura joateko baimena izango dute, beti ere, segurtasun tartea gordeta. Eta ume horiek ere ordubetez irten ahal izango dute etxetik. Gainera, Iglesiasek azaldu du haurren irtetzeko baimenaren inguruko gida bat idazten ari direla eta aurki argitaratuko dutela.
Espainiako Gobernuak joan zen larunbatean jakinarazi zuen 14 urtetik beherako herritarrek kalera ateratzeko baimena izango zutela. Asteartean, berriz, irteera horiek mugatuak izango zirela jakinarazi zuen gobernuaren bozeramaileak, baina herritarren eta alderdi politikoen kritika uholdeari erantzunez, ordu batzuetara neurri horrekin atzera egitea zuen erakundeak.