Ez da kasu positibo berririk zenbatu Zumaian pasa den asteburutik

Baleike 2020ko api. 24a, 15:00

Koronabirusak eragindako krisialdia baretzen hasia dirudi Zumaian, osasunari dagokionez, behintzat. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, ez da kasu positiborik izan Zumaian azken 24 orduetan. Eskualdean beste 11 kasu zenbatu dira, denak ere Zarautzen.

11 kasu berri baieztatu zituzten atzo eskualdean; guztiak Zarautzen. Guztira, 124 kasu baieztatu dituzte herri horretan gaur arte. Positibo berri horiekin, 224 kasu positibo baieztatu dituzte Urola Kostan, zenbaketak hasi zirenetik.
Gainontzeko herrietan ez da aldatu COVID-19 gaitzaz kutsatutako pertsonen kopurua: 47 kasu baieztatu dituzte Zumaian, hamasei Orion, hamalau Azkoitian, 11 Azpeitian, lau Zestoan, hiruna Aian eta Getarian, eta bi Aizarnazabalen.

Eusko Jaurlaritzaren datuek kopuru horiek zehaztu dituzte, baina kontuan hartu behar da koronabirusaren pandemia hasi zenetik sendatu edo zendu diren bizilagunak ere badirela. Beraz, ezin da jakin ziurtasun osoz zenbat pertsona dauden gaur egun COVID-19 gaitzaz kutsatuta.

Lurraldekako datuak

Osakidetzak jakinarazi duenez, atzo 4.339 PCR proba eta 3.050 test azkar egin zituzten –inoizko kopururik handiena–, eta 344 kasu berri atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hiru lurralde horietan, 26 pertsona hil ziren atzo, eta 323 lagun osatu ziren. Guztira, 1.193 pertsona hil eta 8.459 sendatu dira krisia hasi zenetik.

Nafarroan berriz, 117 kasu berri atzeman dituzte azken orduetan. Atzo, inoiz baino PCR proba gehiago egin zituzten lurralde horretan: 1.357. Guztira, 5.180 koronabirus kasu aurkitu dituzte kontaketa hasi zutenetik, eta 417 lagun hil dira gaitzaren ondorioz; horietako zortzi, azken orduetan. Guztira, 1.552 lagun sendatu dira Nafarroan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide