Noiz eta nola atera daitezke haurrak kalera?

Baleike 2020ko api. 25a, 19:56

Bihak aurrera 14 urtera arteko haur eta gaztetxoek egunean ordubetez kalera ateratzeko aukera izango dute. Zumaiako Udalak horretarako baldintzak gogorarazi ditu eta, guraso eta tutoreei eskatu die ezarritako neurriak bete ditzaten.

Bihartik aurrera umeek egunean ordubetez atera ahal izango dute kalera. Denbora tartea ez ezik, beste hainbat baldintza ere arautu ditu Espainiako Gobernuak. Udalaren izenean, neurri horiek zein diren zerrendatu dute eta, baldintzak bete ditzaten eskatu diete 0-13 urte bitarteko haur eta gaztetxoen guraso eta tutoreei.

Ondokoak dira errespetatu beharreko neurriak:

  • 9:00-21:00 bitartean atera ahal izango dute eta, gehienez ere, ordubetez egon ahal izango dira kalean.

  • Guraso batekin edo adinez nagusia den anai-arreba batek lagunduta atera ahal izango dira haurrak, betiere etxean egoteko agindua elkarrekin pasa dutenak izanik.

  • Guraso edo laguntzaile bakoitzak, gehienez, hiru haurrekin atera ahal izango du.

  • Jostailuak ateratzeko aukera izango dute haur eta laguntzaileek (patinak, bizikleta…), betiere gainontzeko haurrekin elkarbanatzen ez badituzte. Helduek ere bizikleta edo antzekoak erabiltzeko aukera izango dute.

  • Parkeak, frontoiak eta skate parkeak ezingo dira erabili. Horietan, haurrei zuzendutako kartelak jarriko ditu udalak.

  • Gainontzeko eremu guztiak erabiltzeko aukera egongo da: hondartza, zelaiak, landa-eremua…, betiere gehienez etxetik kilometro bat urruntzea baimentzen duen araua errespetatuta.

  • COVID-19ak eragiten dituen sintomaren bat dutenak ezin dira kalera atera, ezta berrogeialdian daudenak ere.

  • Besteekiko 2 metroko distantzia mantendu beharko da une oro.

Haur zumaiarrentzako oharra

Guraso eta tutoreei ez ezik, Zumaiako haurrei ere zuzendu zaie Udala. Bihartik aurrera kalera ateratzeko izango duten aukeraren inguruan “gurasoekin hitz egin dezaketela” eta bihar bertan zumaiar guztien txaloak jasoko dituztela gogorarazi diete.

Hona udalak helarazitako mezua:

"Denbora asko pasa duzue etxean, hilabete eta erdi guztira, egun asko, alegia. Ziur gaude era guztietako emozioak bizi izan dituzuela egun hauetan: pozik batzuetan, baina baita aspertuta eta triste ere. Hala ere, tinko eutsi diozue eta zorionak eman nahi dizkizuegu. Biharko txaloak zuentzat izango dira eta irratian zuek eskatutako kantak entzun ahal izango dituzue.

Ondo dakizuen moduan, bihartik aurrera kalera atera ahal izango duzue. Nahi baduzue, noski! Kalera atera aurretik gurasoekin hitz egin dezakezue egingo duzuen ibilbidearen inguruan. Parkeak oraindik ezingo dituzue erabili, baina etxetik gertu dauden lekuetan jolastu ahal izango duzue zuen jostailu gustukoenekin.

Beraz, gozatu biharko eguna!"

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide