Koronabirusaren hedapena Urola Kostan moteltzen ari bada ere, oraindik badira positibo eman duten kasu berriak. Eusko Jaurlaritzak gaur eguerdian jakitera eman dituen datuen arabera, azken orduetan bi dira COVID-19 gaitzaz kutsatutakoak eskualdean, eta, hain justu ere, biak Zarautzen. Gainerako herrietako kutsatuen kopuruek ez dute gorabeherarik izan.
Kontaketa hasi zutenetik, 240 dira Urola Kostan zenbatutako kasuak. Honako hauek dira herriz herriko kutsatuen kopuruak: Zarautzen 130 herritar; Zumaian 48; Orion eta Azkoitian hamazazpina; Azpeitian hamalau; Getarian bost; Zestoan lau; Aian hiru; eta bi Aizarnazabalen.
Hala eta guztiz ere, kontuan izan behar da koronabirusaren pandemia hasi zenetik sendatu eta hil diren bizilagunak ere badirela eskualdean, eta beraz, ez dago datu zehatzak jakiterik, Eusko Jaurlaritzak ez baititu horiek herrika ahalbidetzen. Gainera, badira COVID-19 gaitza izan dezaketen edo pasatu duten eta probarik egin ez dioten herritarrak ere.
Lurraldekako datuak
Osakidetzak emandako datuen arabera, azken orduetan 538 kasu berri zenbatu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta, orotara, 15.138 dira kutsatutakoak. Hiru lurralde horietan, hemeretzi pertsona hil ziren atzo. Guztira, 1.274 pertsona hil eta 10.474 sendatu dira krisia hasi zenetik.
Nafarroan, berriz, 309 kasu baieztatu dituzte azken orduetan eta hamasei hildako. Guztira, 5.884 kasu positibo eta 448 hildako zenbatu dituzte kontaketa hasi zutenetik