GUTUNA

Babesa tokian-tokiko merkataritzari

Javi Salva 2020ko maiatzaren 1a

Osteguna da eta asteroko azoka txikia jarri dute Ondartxo plazan. Lau postu generoz beteta daude, erosten hiru lagun gauden bitartean. Eta hori, bihar jai eguna dela.

Sare sozialetan  tokiko merkataritzaren aldeko apustu irmoa eskatzen dugu, hurbilekoa, zero kilometrokoa. Era guztietako erakundeei eskatzen diegu espazioak gaitzeko, laguntzak emateko, laguntzeko…

Ondo, baina galdera bota nahi dut airera: eta non dago gure konpromisoaren zatia?

Denok ikusten ditugu hutsik, edo erdi hutsik, dauden saltokiak. Pandemiaren aurretik, eta baita ondoren ere, denda gutxi batzuk ireki ahal izan dute aste hauetan: janari dendek, okindegiek, arrandegiek, fruta-dendek, denda txikiek edo merkatu-postuek. Hor daude, zereginean erne eta tinko, osasuna eta etxekoen xoxak jokoan, produktu freskoak falta ez zaizkigun. Bere errealitatea pandemiaren aurretik konplikatua bazen, orain askoz ere zailagoa da.

Zer egiten dugu guk horien guztien alde?

Errazenean kokatu gara, erosketa azkarrean, inpertsonalean, eta orain “errekorren bila” gabiltza Internet bidez erosketak eginez. Etxera ekar diezadatela!

Ez du ezertarako balio gure saltokiei aho txikiarekin babesa emateak jarraian Internetez erosten baditugu etxe ondoan ditugun gauzak. Itxura egiteak ez du ezertarako balio jarraian Amazon-i irabaziak ematekotan, zure kalean bertan bizi diren pertsonen lokaletan erosi beharrean. Herriko dendetan kontsumituz gero zure auzokoaren okindegiari, zure alabaren lagunaren gurasoak duten arropa dendari, soziedadeko kideak duen arrandegiari, mendizale taldekidearen belar-dendari edo lehengusuaren liburu-dendari emango diozu arnasa.

“Normaltasun berriaz” hitz egiten da. Gauzak aldatu egingo direla esaten dute.

Sortzen den galdera hau da: hobera aldatuko al dira?

Saltoki horiek ez dute konpainia handien finantza-muskulurik, eta aste hauetako galera ekonomikoa letala suertatu daiteke haientzat.

Konfinamenduaren lehen fasea amaitzear dagoen honetan, jarrai dezagun leihoetan bokazio osoz zaintzen gaituztenei txalo jotzera eramaten gaituen izpirituarekin, eta eman diezaiogun babesa tokian-tokiko merkataritzari. Hauek ere koronabirusaren beste klase bateko biktimak dira eta.

Gutako bakoitzaren esku dago.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide