Azken orduetan ere ez da izan kasu positiborik Zumaian

Baleike 2020ko mai. 1a, 14:47

Pandemia baretu dela dirudi. Zumaian, behintzat. Azken 24 orduetan ere ez da kutsaturik izan eta lau egun jarraian doaz kasu positibo berririk gabe. 

Gorakada azpimarragarria izan du positibo berrien kopuruak eskualdean. Eusko Jaurlaritzak jakitera eman dituen datuen arabera, azken orduetan COVID-19 gaitzaz kutsatutako zortzi lagun atzeman dituzte. Horietako zazpi Zarautzen, eta bestea Aian; gainerako udalerrietan ez da gorabeherarik izan.

Kontaketa hasi zutenetik, 250 dira Urola Kostan zenbatutako kasuak, eta honako hauek dira kutsatuen kopuruak herriz herri: Zarautzen 139 lagun; Zumaian 48; Orion eta Azkoitian hamazazpina; Azpeitian hamabost; Getarian bost; Aian eta Zestoan launa; eta bi Aizarnazabalen.

Hala eta guztiz ere, kontuan izan behar da koronabirusaren pandemia hasi zenetik sendatu eta hil diren bizilagunak ere badirela eskualdean eta, beraz, ez dago datu zehatzak jakiterik, Eusko Jaurlaritzak ez baititu horiek herrika ahalbidetzen. Gainera, badira COVID-19 gaitza izan dezaketen edo pasatu duten eta probarik egin ez dioten herritarrak ere.

Lurraldeetako datuak
Osakidetzak emandako datuen arabera, azken orduetan 123 kasu berri zenbatu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta, orotara, 15.969 dira kutsatutakoak. Azaldu dutenez, ordea, atzemandako kasu positiboen %71,3k dagoeneko gainditu du gaitza. Hiru lurralde horietan, 16 pertsona hil ziren atzo. Guztira, 1.312 pertsona hil dira krisia hasi zenetik.

Bestalde, aldundiak jakinarazi duenez, adineko pertsonen egoitzetan bi lagun gehiagok gainditu dute Covid-19a, eta pertsona horiek Zumaiako Otezuri zentroko egoiliarrak dira. Guztira, 227 dira jada mediku alta jaso duten Gipuzkoako adinekoak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide