Ez dute koronabirus kasu berririk atzeman azken orduetan ere

Baleike 2020ko mai. 3a, 14:34

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, orain arte guztira 48 lagun kutsatu dira COVID-19 birusarekin herrian.

Atzo bezala, gaurkoan ere ez dago aldaketarik Zumaian COVID-19 birusarekin kutsatu diren herritarren kopuruan. Eusko Jaurlaritzak jakitera eman dituen datuen arabera, azken orduetan Urola Kostan pertsona bakar bat atzeman dute COVID-19 gaitzaz kutsatuta, bera Zestoan.

Kontaketa hasi zutenetik, 259 dira eskualdean zenbatutako koronabirusaren kasu positiboak, eta honako hauek dira kutsatuen kopuruak herriz herri: Zarautzen 142 lagun; Zumaian 48; Orion eta Azkoitian hamazortzina; Azpeitian hamasei; Getarian eta Zestoan bosna; Aian lau; eta hiru Aizarnazabalen.

Hala eta guztiz ere, kontuan izan behar da koronabirusaren pandemia hasi zenetik sendatu eta hil diren bizilagunak ere badirela eskualdean eta, beraz, ez dago datu zehatzak jakiterik, Eusko Jaurlaritzak ez baititu horiek herrika ahalbidetzen. Gainera, badira COVID-19 gaitza izan dezaketen edo pasatu duten eta probarik egin ez dioten herritarrak ere.

Lurraldeetako datuak

Osakidetzak emandako datuen arabera, azken orduetan 78 kasu berri zenbatu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta, orotara, 16.197 dira kutsatutakoak. Azaldu dutenez, ordea, atzemandako kasu positiboen artetik goraka doa gaitza gainditu dutenen kopurua; azken datuen arabera, %74,2k jaso dute senda agiria. Hiru lurralde horietan, zortzi pertsona hil ziren atzo. Guztira, 1.329 pertsona hil dira krisia hasi zenetik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide