Komertzio txikiak, ateak zabaltzeko prest

Baleike 2020ko mai. 5a, 16:46

Konfinamendutik ateratzeko pausoen berri eman zuen duela hamar egun Espainiako Gobernuak. Komertzio txikiek atzotik baimenduta dute berriz ere ateak irekitzea, ia bi hilabetez itxita egon ondoren. 

Ia bi hilabetez itxita egon ondoren, Espainiako Gobernuak zero fasean komertzio txikiei pertsianak igotzeko baimena eman die. Horretarako, bezeroak aurrez hitzordua hartzea, bezero horiek banaka artatzea eta segurtasun neurri guztiak betetzea dira baldintzak. Hala eta guztiz, asko dira prestaketa lanetan dabiltzan komertzioak eta datozen egunetan zabaltzea aurreikusten dutenak. Coro estetika zentroa da horietako bat: "Hilaren 11n zabalduko dugu zentroa. Osasun materiala jasotzeko daukagu oraindik, eta txandak antolatzen ari gara. Ostegun honetan lana aurreratuta dugula ikusten badugu, zabalduko dugu", azaldu du Itsaso Curiel zentroko langileak. 

Curielez gain, beste bi langile ditu zentroak. Krisialdiak gogor astindu du zentroa, baina hirurek lanean jarraituko dute printzipioz: "Gerrikoa estutu eta hirurok lanean jarraitzeko ahaleginak egin ditugu". Bestelakoa da egoera Tximak ileapaindegian. Antto Etxabek zabalik du jada, eta langile gehiago izan arren, berak bakarrik egingo du lan egunotan. Haren hitzetan, egoera aldatu ahala hasiko dira langileak lanean. 

Etxabek banaka hartuko ditu bezeroak, eta hauei babes materiala eskaini eta gero artatuko ditu. Ondoren, desinfektanteekin garbituko ditu lokala eta erabilitako tresna guztiak, hurrengo bezeroa lokalera sartu aurretik. Coro estetika zentroan, berriz, bost gelatxo dituzte, eta bezero gehiago hartu ahal izango dituzte aldi berean. Nolanahi ere, langile bakarra ariko da bezero bakoitzarekin. Curielek dio pentsa litekeela zailagoa dela lan horretan segurtasun neurriak betetzea, kontaktu fisikoa mantentzen dutelako –aurpegiko tratamenduetan, esaterako–. Baina argitu du beti eman izan diotela garrantzia garbitasunari, eta arreta berezia eskainiko diotela orain: "Lanerako lehengo oihalezko material berrerabilgarria izango dugu, hondakin gehiago ez sortzeko eta bezeroak eroso senti daitezen. Hala eta guztiz, behin erabili eta garbitzera botako ditugu". Horrez gain, airea garbitzeko tresna bat ere badutela gehitu du Curielek. 

Komertzio txikia, handien ondoan
"Beti izan da garrantzitsua herriko komertzio txikietan kontsumitzea, baina orain ohartu gara luxu bat dela etxetik atera eta beheko dendan fruta erostea". Curielen arabera, merkataritza txikia bultzatzeko eta bertan kontsumitzeko balio behar luke krisialdiak. Etxabe ere bat dator: "Jendea entzuten dut esaten supermerkatu handietan izugarrizko ilarak daudela, eta erantzuten diet supermerkatu handi horiek bakarrik mantentzen direla, eta komertzio txikia bultzatu behar dugula. Denok nahi dugu herrian mugimendua eta bizirik dagoen komertzioa, beraz, denon esku dago. Jendea bertan kontsumitzera animatu nahi dut". 

Internet bidez erosteko joera ere komertzio txikien kalterako izan dela uste dute biek. Curielek gogorarazi nahi izan du beren produktuak etxeetara ere banatzen dituztela, eskariak telefono bidez jasota (943-86 13 22).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide