Koronabirusa ez hedatzeko neurrien artean kirol jarduerak eten erabaki zen martxoaren erdi aldera. Horrek eragina izan du, noski, kirol profesionalean. Kirol batzuetan, futbolean kasu, ez dute oraindik erabaki nola edo noiz amaituko dituzten txapelketak. Eskubaloiari dagokionez, ordea, Espainiako Federazioko batzordeak atzo hartu zuen erabakia, eta erabaki pozgarria izan da Gipuzkoako taldeentzat.
Ainhoa Larrañaga zumaiarra atezain duen Bera Bera taldeak emakumezkoen Liga Guerreras Iberdrola irabazi du. 2013. urtetik seigarrenez irabazi dute liga donostiarrek. Denboraldi honetako hamasei jardunaldi jokatu ondoren, eta liga amaitzeko sei partidaren faltan, liderra zen talde donostiarra, 30 punturekin, partida bat bera galdu gabe. Bigarren zen Elxek lau puntu gutxiago zituen. Atzoko erabakiaren ondoren, federazioak bukatutzat eman du liga eta, ondorioz, talde donostiarra da aurtengo txapelduna
Gizonezkoen Asobal ligari dagokionez, lehen itzuliaren amaierako sailkapena hartu du aintzat Federazioak liga amaierako sailkapena erabakitzeko. Bigarren itzuliko lau jardunaldi besterik ez ziren jokatu liga eten zen orduan. Une horretan Kauldi Odriozola zumaiarraren taldea, Irungo Bidasoa, ligako laugarrena zen. Federazioak, baina, lehen itzuliaren amaierako sailkapena hartu du ontzat, eta une hartan hirugarren ziren irundarrak. Ondorioz, 2020-2021 denboraldian Europan jokatzeko txartela lortu dute irundarrek.