Boluntarioak behar ditu Udalak, bideo-dei bidez haurrekin euskaraz aritzeko

Baleike 2020ko mai. 6a, 16:19

Zenbait haurrek itxialdian euskararekin ia harremanik ez dutela kontuan hartuta, haiekin euskaraz bideo-dei bidez elkarrizketak edukitzeko boluntario bila dabil Udala.

Zumaia herri euskalduna izan arren, etxe askotan euskara hizkuntza nagusia ez dela gogoratu nahi izan du Udalak. Euskara Sailetik adierazi dutenez, eguneroko bizimoduan, eskolan, lagun artean eta aisialdiko jardueretan euskaraz bizitzeko aukera dute haur horiek, eta kasu askotan, ia oharkabean, euskararen jabe egiten dira. Itxialdian, ordea, zenbait haur euskararekin inolako harremanik izan gabe daude martxoaren erdialdetik. Egoera luzatu daitekeela eta eskolak irekiko ez dituztela kontuan hartuta, boluntarioen bidez gauzatuko litzatekeen ekimena jarri dute martxan Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta EBETE hizkuntza zerbitzuak.

Horretarako, 18 eta 30 urte arteko boluntario gazteak behar ditu Udalak. Horietako bakoitzak astean bi aldiz 45 minutuko saio bat gidatu beharko du hiru haurrekin –6-12 urte bitarteko haurrak izango dira eta adinaren arabera egingo dira taldeak–. Bost astean zehar egingo dituzte, eta saio horietan bideo-dei bidez elkarrizketa bat eduki beharko dute haurreki, euskara entzun eta hitz egiteko aukera izan dezaten.

Boluntario horiei prestakuntza saio bat eskainiko die EBETEk. Hala, aurkezpenetarako gidak, elkarrizketetarako gaiak zein ahoz egiteko hizkuntza jolasak eta materiala emango dizkiete. EBETEk taldeen jarraipena egingo du, eta zailtasunei aurre egiten lagunduko diete boluntarioei prozesu osoan.

Boluntario modura izena eman nahi duenak hemen egin beharko du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide