“Ia bi urtez iraun beharko dute ganaduzaleek beren aurrezkiekin”

Baleike 2020ko maiatzaren 6a

Koronabirusaren krisialdiak sektore guztiak kaltetu ditu, eta galera ekonomiko larriak pairatuko dituztenen artean dira ganaduzaleak ere. Herriko jaietan antolatzen diren sokamuturrak eta antzerako ikuskizunak dira ganaduzale askoren diru iturri nagusia, eta, jaietan bertan behera geratuta, lanik eta diru iturririk gabe geratu dira.

Asier Albite zumaiarra Euskal Zezenzaleen Elkarteko kidea da, eta sektoreak bizi duen egoera azaldu du. Hamar dira Hego Euskal Herrian jaietako ikuskizun hauetan aritzen diren ganaduzaleak; bederatzi Gipuzkoan eta bakarra Bizkaian. “Betiko baserritarrak dira, eta tartean abere suharrak ere badituzte”, dio Albitek. “Bizi dugun egoera honetan, beharrezko zerbitzutzat dituztenez, langileak dituzten ganaduzaleek hauek ordaintzen jarraitu behar dute, eta gastu horiei abere guztien mantenua ere gehitu behar zaie. Hori guztia, diru sarrerarik gabe izan gabe, zezen ikuskizunak direlako ganadutegi hauen diru iturri nagusia”, gaineratu du.

Birusa ez hedatzeko hartutako neurrien ondorioz bertan behera geratu dira herri askotan egiten ziren zezen ikuskizunak. Uda hau galdutzat ematen dute eta etorkizun beltza dutela dio Albitek. “Galdu dute aurtengo udarako esperantza. Kontuan izan behar da, ganaduzale hauek esklusiboki festa herrikoi eta zezen ikuskizunetan egiten dutela lan, ez dute zezenketa munduarekin zerikusirik. Azken festa herrikoiak iraila aldera izan ziren eta aurtengo udan ez bada jairik, horrek esan nahi du ia bi urtez biziraun beharko dutela baserritarrek egunero ehun abere elikatzen dituzten bitartean. Diru laguntzetan dute itxaropena orain, badakite sektore asko daudela beharrean, baina gobernuak kontutan izatea eskatzen dute”.

Ganaduzaleak bildu dira dagoeneko ENBA eta ENHE sindikatuekin, eta egoera jasotzen duen txosten bat pasa diete

Ganaduzaleak bildu dira dagoeneko ENBA eta ENHE sindikatuekin, eta egoera jasotzen duen txosten bat pasa diete. Txosten hori Eusko Jaurlaritzako Ganadutegi Sailera ere bideratu dute, eta Kultura Sailera bidaltzekotan dira.

Gaur egun 1.000 abere daude hamar ganadutegietan banatuta, eta guztira 300 hektarea lurzoru erabiltzen dituzte. Euskal Zezenzaleen Elkarteko kidearen esanetan, erabiltzen duten eremuaren erdia baino gehiago mendi malkartsuetako lurzorua da, eta beraz, lur hori ezin da erabili nekazaritza edo bestelako abeltzaintza baterako, ahuntzak eta behiak bakarrik iristen direlako eremu horietara. “Hain zuzen, ganaduak natura mantentzeko bere funtzioa ere badu hor. Balioa onartu behar zaio ganadu mota honi. Ez dira animalia guztiz basatiak, genetika basatia duten arren. Etxekotuta daude, eta neguan zehar pentsua ematen zaie, beraz elikadura gastuak nahitaezkoak dira”. Jairik ezean, eta mantenu gastuak jaisteko, abereak hiltegira eramatea izan daiteke aukera bat, baina jakitun dira abere hauek oso haragi gutxi izaten dutela. “Ezin dira haragitarako saldu. Genetika da beren indargunea, eta horretarako erabiltzen dira. Gainera, animaliak hiltegira eraman ezkero, genetika hori galduko lukete, eta urte asko behar dira genetika hori berriro ere lortzeko. Arrazoi ekonomikoez gain, baserritarrek ez dituzte abere hauek hil nahi, urte asko daramatzatelako beren ganadutegian, eta karga sentimentala ere badagoelako hor".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide