'Zamak' film laburra ikusi ahal izango da gaur Estalapean

Baleike 2020ko maiatzaren 8a

Txori Txiki Musika eta Dantza eskolako antzerki tailerreko ikasleek iaz egindako film laburra ikusi ahal izango da gaur Estalapean, 18:00etatik aurrera. 

Txori Txiki Musika eta Dantza eskolako antzerki tailerreko ikasleek Zamak sortu zuten iaz. Tailer horretan parte hartzen zuten zazpi ikasleek egindako film laburra da, Inazio Tolosa eta Esti Curiel irakasleen laguntzarekin. 

Duela ia urtebete aurkeztu zuten Alondegiko Oxford aretoan, eta herriko agenda biltzen duen Zumaiako Udalaren Estalapea egitasmoaren bidez ikusi ahal izango da gaur, 18:00etan hasita. 

Pertsonaia adina sekretu
Film laburrean gizartean puri purian dauden dramak jorratzen dira: besteak beste, anorexia, suizidioa, alkoholismoa… Zazpi pertsonaia dira, eta zazpi sekretu dituzte. Lanaren ideia eta gidoia ikasleek sortu zuten. Tolosaren arabera, aholkuak ematea izan zen bi irakasleen lana. Harekin osatu zuten historia, eta Curielekin landu zuten produkzioa eta grabaketa. Mikel Castellano izan zen filma grabatu eta editatzeko ardura izan zuena, eta zazpi ikasleez gain, Luisa Mari Aristondok eta Goizeder Iturainek hartu zuten parte laburmetraian.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide