Saharako errefuxiatuen aldeko diru bilketa jarri du abian Darahlik, pandemiak eragindako gastuetan laguntzeko

Baleike 2020ko maiatzaren 10a

Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan ez da oraindik inor kutsatu COVID-19 gaitzaz, baina han ere hasi dira krisialdiak eragindako kalteak nabaritzen. Mugen itxierak kanpoko laguntza kanpalekuetara ez heltzea ekarri du.

Saharako errefuxiatuek bizi duen egoera gogoratu du Darahli elkarteak. Saharako Ilargi Erdi Gorriak emandako informazioaren bidez jakin dute pandemiaren prebentziorako neurriak garaiz hartu zituztela kanpalekuetan, "plan integral" bat abian jarriz. "Besteak beste, gertuko herrialdeekin mugak itxi ziren; Wilayen arteko, eta hauen eta Saharar Errepublikako lurralde liberatuen arteko mugimenduak geldiarazi ziren; haimetan geratzeko agindua eman zuten; bilerak eta pertsonen arteko bilkurak debekatu ziren; eskolak itxi egin ziren; eta ahalik eta langile gutxienekin eguneroko bizitzarako beharrezkoak ziren zerbitzuak bermatzeko, langile kopurua murriztu zuten".

Sahararrek plan honi emandako erantzunari esker, kanpalekuetan ez da oraingoz kutsaturik izan. "Izugarrizko lorpena da hori, eta hala eutsi nahi zaio egoerari. Baina espero zen bezala, mugen itxierak, kanpoko laguntza jaso ez izanak eta merkataritza eta ekonomia jardueren jaitsierak ondorio nabarmenak eragin ditu".

Errefuxiatuek dituzten osasun arazoak gogoratu ditu Darahlik. "Haurdun dauden eta bular-emaile diren emakumeen artean, anemia-tasa % 73 baino altuagoa da, 5 urtetik beherako umeen desnutrizioa % 25era iritsi da eta diabetesa eta tentsio-arazoak dauzkaten pertsona helduen kopuruak ere gora egin du".

Diru bilketa

Koronabirusa ez hedatzeko prebentzio lanek bere kostea dutela ere aipatu du Zumaiako elkartasun taldeak. "Herri honek duen premiazko beharra 5 milioi eurora iristen da; %18 urarentzat, % 37 osasun beharretarako eta % 45 elikadurarako", azpimarratu du.

Hori dela eta, Euskal Herriko Sahararen aldeko elkarteek dirua biltzeko kanpaina jarri dute martxan. Kanpaina maiatza eta ekaina artean egingo da, eta lagundu nahi duenak Darahli elkartearen kontu honetan egin dezake diru sarrera: 

ES05 3035 0037 4103 7005 0791. Kontzeptuan SOS SAHARA jarriko da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide