Denda txikiak zabaltzen hasi dira aste honetan, eta lehen faseari begira daude orain herritarrak. Espainiako Gobernuak asteburuan hartu ditzaken erabakien zain dira tabernariak ere; datorren astean horietako askok tabernak zabaldu ahal izango dituztenaren esperantzan.
Mikel Arrieta Kraken tabernako arduraduna da horietako bat. "Ahal badut, zabaldu egingo dut. Arazoa da ea neurriak eta materiala izango ditudan bai niretzat, bai langileentzat eta baita bezeroentzat ere. Oraindik zehaztuta ez dagoenez, ezin dut ziurtasunez zabalduko dudala esan. Nahi dut, aurrera ateratzeko nire aukera bakarra delako, eta herriari zerbitzu bat eskaintzeko". Terraza zabaltzeaz gain, tabernako sukaldea ere zabalduko luke Arrietak, terrazaren % 50 horri janaria eskaintzeko eta etxeetara eramateko.
Terraza zabaltzeaz gain, tabernako sukaldea ere zabalduko luke Arrietak, terrazaren % 50 horri janaria eskaintzeko eta etxeetara eramateko
Zumaiako taberna guztiek, ordea, ezin izango dute zabaldu. Metro tabernak, esaterako, gutxienez ekainaren 8ra arte –konfinamendutik ateratzeko hirugarren fasean sartu arte– itxaron beharko du ateak irekitzeko. "Barra da gurea. Terrazarik ez daukat, eta barruan mahaiak jartzeko aukerarik ere ez", dio Aitor Aizpurua tabernaren arduradunak. Taberna zabaldu ahal izango duenerako hartu beharreko segurtasun neurriak aztertzen ari da Aizpurua. "Pintxoak estaltzeko bitrinak begiratzen ari naiz. Hala ere, gasturik ez egiteko gomendatu digute, zehazki ez dakigulako taberna irekitzeko bete beharreko baldintza horien berri".
Lau langile dira Metro tabernan, eta gainontzeko sektoreetan bezala ostalaritzan ere krisialdiak eragina izan duen arren, lehen bezalaxe jarraitzea da Aizpuruaren asmoa. Hirugarren fase horretan neurriak malgutzea aurreikusten du: "Bakarka egiten dugu lan, eta asteburutan ere lehen bezala zabaltzeko aukera badaukagu, lan orduak berdinak izango dira".
Lau langile dira Metro tabernan, eta gainontzeko sektoreetan bezala ostalaritzan ere krisialdiak eragina izan duen arren, lehen bezalaxe jarraitzea da Aizpuruaren asmoa
Tabernariak eta ostalariak batzeko "aitzakia"
Terrazen ordenantza osatzeko hasi ziren elkartzen Zumaiako tabernari batzuk. Orain, ordea, talde hori zabaldu eta denak elkartzeko asmoa dute, Arrietak azaldu duenez: "Talde horretan komentatu genuen interesgarria litzatekela honen inguruan hitz egiteko denak elkartzea. Ahalik eta gehienak elkartzen saiatu gara, denok garelako kaltetuak. Terrazarenak batzuei eragiten zigun, baina honek denoi".
Aizpuruaren ustez, "aitzakia" izan da koronabirusaren krisialdia tabernari guztiak batzeko: "Gertu merkatarien eta ostalarien elkartea badago, baina orain arte ez gara Zumaiako tabernariak eta jatetxeak batu. Aitzakia izan da geure artean elkartzeko, komunean ditugun gauzak esan eta elkarrekin indar pixka bat egiteko".
Astean bi aldiz elkartzen dira tabernariak. Aurreko astean elkartu ziren udal gobernuko ordezkariekin: "Hasieran eskari bat egin genuen ostalarien aldetik, eta horren inguruan hitz egin genuen. Puntu batzuk legalki ez dira posible, baina laguntza batzuk jasotzearen aukeraz aritu ginen", azaldu du Arrietak. Gastuak estaltzeko 2.000 euro arteko laguntza, terrazetan mahaiak jartzerako orduan malgutasuna izatea, taberna itxita egon den tartean terrazaren tasarik ordaindu beharrik ez izatea eta zabaltzerakoan terrazaren portzentaiaren araberako tasa ordaintzea dira, besteak beste, Udalarekin aztertutako neurrietako batzuk. Horrez gain, Arrietaren arabera, osasun materialarekin ere lagunduko die Udalak: "Babes materiala egiten ari dira herritar batzuk, eta horiek jasoko ditugu".