Ez da koronabirus kasurik atzeman azken 24 orduetan

Baleike 2020ko mai. 10a, 14:30

Kontaketa hasi zenetik 48 kasu detektatu dituzte Zumaian. Urola Kostan hiru positibo baieztatu dituzte azken orduetan.

Atzo emandako COVID-19 gaitzaz kutsatutako herritarren kopuru nabarmenaren aldean, gaurkoa xumeagoa da, betiere Eusko Jaurlaritzak kaleratu dituen datuen arabera. Izan ere, hiru positibo berri zenbatu dituzte azken orduetan Urola Kostako herrietan. Hain justu ere, bi Azpeitian eta bat Zarautzen. Gainontzeko herrietan ez da gorabeherarik izan.

Kontaketa hasi zutenetik, honako hauek dira herriz herriko datuak: 160 lagun kutsatu dira Zarautzen; 48 Zumaian; 21 Orion; hemezortzina Azkoitian eta Azpeitian; bosna Aian, Getarian eta Zestoan; eta hiru Aizarnazabalen. Errezilen eta Beizaman, aldiz, ez dute COVID-19 gaitzarekin kutsatutako bizilagunik atzeman.

Lurraldeka
Lurraldekako datuei erreparatuz gero, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 45 lagunek eman dute positibo PCR testa egin ondoren; horietatik 33 Bizkaian izan dira, zortzi Araban eta lau Gipuzkoan, alegia. Test azkarretan positibo eman dutenak, berriz, 340 izan dira hiru lurralde horietan.

17.677 dira lurralde horietan COVID-19az kutsatutakoak, eta horietatik dagoeneko %82,9 sendatu dira . Koronabirusagatik azken orduetan hamabost lagun hil direla jakinarazi du jaurlaritzak. Orotara, 1.418 lagun hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaitzaren eraginez.

Nafarroako Gobernuak emandako datuei dagokienez,  kontaketa hasi zutenetik 7.462 lagun kutsatu dira koronabirusarekin eta 488 lagun hil dira. Azken 24 orduetan, gainera, hamahiru kutsatu berri eta hildako bat egon dira Nafarroan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide