Bigarren egunez jarraian kororonabirus kasu berririk ez herrian

Baleike 2020ko mai. 13a, 13:30

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, ez da koronabirus kasu berririk atzeman Urola Kostako herrietan. Gipuzkoan, lau lagunek eman dute positibo PCR testetan. Hego Euskal Herrian hamalau lagun hil dira.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eguerdian eman dituen datuen arabera, azken orduetan ez dute koronabirus kasu positiborik zenbatu eskualdeko herrietan. Herenegun ere ez duten positiborik atzeman Urola Kostan; beraz, bi egunez jarraian, berri onak izan dira eskualdean.

Datu ofizialen arabera, kontaketa hasi zutenetik eskualdeko 284 lagun kutsatu dira eskualdean koronabirusaz. Hala eta guztiz ere, kutsatu berrien kopurua moteltzen ari da azken egunotan. Honako hauek dira kutsatuen kopuruak, herriz herri: 160 lagun kutsatu dira Zarautzen; 49 Zumaian; 21 Orion; hemezortzina Azkoitian eta Azpeitian; bosna Aian, Getarian eta Zestoan; eta hiru Aizarnazabalen. Errezilen eta Beizaman, aldiz, ez dute COVID-19 gaitzarekin kutsatutako bizilagunik atzeman.

Datuak horiek dira, baina pandemia hasi zenetik hainbat lagun sendatu da, eta beste batzuk hil ere egin dira. Beraz, ezin da jakin zehazki eskualdeko zenbat herritar dauden, gaur egun, gaixorik. 

Lurraldekako datuak

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 38 dira azken orduetan PCR testetan positibo eman duten herritarrak; Gipuzkoan, lau pertsonak eman dute positibo, 30 lagunek Bizkaian, eta lauk Araban. Test azkarretan positibo eman dutenak, berriz, 302 lagun izan dira hiru lurralde horietan. Azken 24 orduetan, 73 lagunek jaso dute senda agiria, eta hamahiru lagun hil dira. Pandemia hasi zenetik, 1.442 pertsona hil dira, eta 14.986 lagun sendatu dira.

Nafarroan, berriz, azken orduetan hamahiru lagunek eman dute positibo PCR testetan, eta pertsona bat hil da. Kontaketak hasi zituztenetik, PCR testen eta test serologikoen emaitzak zenbatuta, 7.752 lagunek eman dute positibo. Guztira, 494 pertsona hil dira gaitzarekin lurralde horretan; alta hartu duten pertsonak, berriz, 3.297. izan dira.

Datuen interpretazioa

Garrantzitsua da datuek islatzen dutena interpretatzen jakitea. Herriz herriko zenbakiek test serologikoetan positibo eman dutenen datuak adierazten dituzte. Zenbaki horrek ez du esan nahi atzotik gaixo kopurua hazi dela, antigorputzak garatu dituzten pertsonen kopurua hazi dela baizik.

Antigorputzak garatu dituztenak gaixo egon daitezke, edo gaixotasuna gaindituta izan dezakete. Unean bertan gaixo dauden edo ez atzematen duen testa da PCR-a. Herriz herri ematen dituzten datuetan ez da argitzen test serologikoan positibo emandakoetatik zenbatek eman duten positibo PCR testean ere; beraz, ezin da jakin herriz herri gaixo daudenen kasu berririk atzeman duten edo ez.

Lurraldeka ematen diren datuetan, berriz, PCR testean positibo eman dutenen kopurua hartzen da aintzat, horiek direlako egun batetik bestera atzemandako gaixo errealak; gainontzekoek, dagoeneko gaindituta dute gaixotasuna.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide