Gizarte Larrialdietarako Laguntzen inguruko informazioa etxez etxe banatu du udalak

Baleike 2020ko maiatzaren 14a

Udal ordezkariek eta teknikariek herritarrei eskatu diete jar daitezela udalarekin harremanetan beharren bat baldin badute. Bestalde, astelehenetik aurrera zabalik egongo da Gizarte Zerbitzuetako bulegoa

"Urte osoan zehar, eta bereziki, halako egoera larrien aurrean, Udaleko Gizarte Zerbitzuak herritarrei arreta emateko daude". Hori gogorarazi nahi dute agintariek. Gizarte Zerbitzuek eskaintzen duten laguntzetako bat Gizarte Larrialdietarako Laguntza da, eta horren berri emanez, eskuorria prestatu eta etxez etxe banatu du udalak.

Eskuorrian jaso dituzte laguntza horiek eskuratzeko bete beharreko baldintzak.

Eskuorriko informazioa

Baldintzak:

  1. Zumaian erroldatuta egotea eta bizitzea, eta Zumaian edo EAEko edozein udalerritan eskabidea aurkeztu baino sei hilabete lehenagotik gutxienez bizitzea.
  2. Gutxienez 18 urte izatea
  3. Gutxienez eskabidea aurkeztu baino urtebete lehenago sortutako bizikidetza unitatea izatea

Baldintza ekonomikoak:

Kontzeptuak:
Dirulaguntza jasotzerakoan hainbat kontzeptu hartuko dira kontuan.

1. Ohiko etxebizitza eduki eta mantendu ahal izateko beharrezkoak diren gastuak:

  • Alokairu laguntzak
  • Etxebizitzaren kredituek eragindako gastuak (interesak eta amortizazioak)
  • Ohiko bizitokia mantentzeko beharrezkoak diren bestelako gastuak: ura, estolderia eta zabor gastuak, aseguruak...
  • Energia-gastuak; elektrizitate, gas eta beste erregai horniketa
  • Linea zuriko etxetresna elektrikoen eta altzarien gastuak
  • Konponketak eta instalazioak egiteko gastuak

2. Oinarrizko beharrizanei dagozkien gastuak

Oharrak:

Diru-sarrerak:
        ◦ Kide guztien artean ezingo dituzte zehaztutako diru sarrerak gainditu.
        ◦ Laneko diru sarrerak badira, ez dira %100 kontuan hartzen.
Ondarea:
        ◦ Dirua, tituluak, balioak, ibilgailuak, bestelako jabetzak...
        ◦ Ohiko etxebizitzaz gain (garajea eta trastelekua barne) ezin da beste ondasun higiezinik eduki.

Bulegoak astelehenetik zabalik egongo dira

Maiatzaren 18tik aurrera, Gizarte Zerbitzuetako bulegoak irekita egongo dira berriro. Eraikinak itxita jarraituko du eta dokumentuak  modu telematikoan entregatzea lehenetsiko da, baina  herritarrei aurrez aurreko arreta zerbitzua eskainiko zaie beharrezkoa bada, betiere aurrez hitzordua hartuta. Horretarako bideak hauek dira: 943-86 22 00 edo 633 44 22 56 telefono zenbakiak eta brankaharrera@zumaia.eus helbide elektronikoa.

Udalak herritarrei eskatu die bulegora joan aurretik beharrezko babes neurriak hartzea; hala nola, maskarak jantzita joatea eta distantziak mantentzea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide