Mehartu egin da joan den astetik COVID-19 gaitzaren jarraipenaren datuekin Osakidetzak egunero argitaratzen duen txostena. Joan den ostegunean, lehendik ematen zituen hainbat datu kendu egin zituen txosten horretatik; tartean, ordura arte ematen zuen herriz herriko kasu positiboen taula ezabatu zuen egun hartako eguneraketan. “Epidemiaren joerak positiboa izaten jarraitzen” zuela zioen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, “datuak egoerara egokitzen jarraituko” zutela, eta “aldaketak egin ahal” izango zituela hurrengo egunetako txostenetan.
Horrela, joan den larunbatean berreskuratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak jasotzen dituen txostenerako herrizkako datuak, baina ez lehen ematen zituzten gisan. Izan ere, orain, PCR testetan positibo emandako kasuren bat duten herriekin bakarrik osatutako taulak hasi dira ematen; proba horrek detektatzen du pertsona batek une horretan birusa duen ala gaixo dagoen. Txostenean berriro jasotzen hasi diren datu horiek ez dira pandemia hasi zenetik batutakoak, joan den maiatzaren 13tik aurrerakoak baizik. Urola Kostan, hilaren 13an eta 16an atzeman dituzte harrezkero PCR positibo berriak; bi izan dira, egun bakoitzean bana, eta biak Zarautzen.
Lurraldekako datuak
Gaur jakinarazi dituen igandeko datuetan, hildako baten berri eman du Osakidetzak, baina ez dute zehaztu Araban, Bizkaian ala Gipuzkoan hil zen pertsona hori. Kontaketa hasi zutenetik, 1.467 lagun hil dira COVID-19ak jota hiru lurraldeetan. Nafarroan, berriz, hildakorik ez zen izan atzo, eta 503 dira koronabirusaz baieztatuta hil direnak, epidemia hasi zenetik.
Atzo, PCR probetan zortzi positibo zenbatu zituen guztira Osakidetzak, horietako bi Araban eta beste seirak Bizkaian. Test azkarren edo serologikoen bidez, berriz, hamabi positibo zenbatu zituen; test azkarrek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen dituzte eta iraganeko infekzio bat adieraz dezakete, eta eguneroko positibo berrien zenbaketatik at uzten ari da Osasun Saila azken asteetan, Espainiako Gobernuaren irizpideekin bat eginda. Gaitza detektatzeko 1.941 proba egin zituzten guztira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo, 1.621 PCR eta 320 test azkar. Kontaketa hasi zutenetik, 18.799 lagunek eman dute positibo guztira Aravab, Gipuzkoan eta Bizkaian, horietatik 13.430ek PCR testetan, eta 5.369k test azkarretan. Birusa atzeman diotenen %86,2 sendatuta dago uneotan.
Nafarroan, atzo 30 positibo berri atzeman dituzten PCR proben bidez, eta hamabi test azkarrak eginda. 5.178 PCR positibo zenbatu dituzte Nafarroan osasun larrialdia hasi zenetik, eta beste 3.157 positibo test azkarretan.