Denbora kontua zen. Espainiako Gobernuak igandean aurreratu zuen laster derrigorrezkoa izango zela maskara erabiltzea erabilera publikoko toki itxi guztietan nahiz kalean, pertsonen arteko bi metroko distantzia ziurtatu ezin denean. Agindu berria argitaratu dute Espainiako Aldizkari Ofizialean, eta beraz, bihar sartuko da indarrean. Alarma egoerak iraun bitartean erabili beharko dituzte maskarak 6 urtetik gorako Hegoaldeko biztanleek, eta maskaren artean, higienikoak edo terapeutikoak hobetsi dituzte.
Salbuespen gisa, ez dute maskara erabili beharrik izango arnasa hartzeko arazoak dituztenek edo beren osasun egoeragatik edo mendekotasunen bat dutelako maskaren erabilerak kalte egin diezaieketenek. Bestalde, 3 eta 5 urte bitarteko haurrentzat, gomendagarria izango da maskararen erabilera, baina ez derrigorrezkoa.
Erabileraren inguruko zehaztapen handirik ez du ematen aginduak: “ahal izanez gero” maskarek higienikoak edo terapeutikoak izan beharko dutela,eta ahoa eta sudurra estali beharko dutela. Airean gelditzen da, hortaz, oihalezko maskaren erabilera. Horrez gain, maskara janztea ez da derrigorrezkoa izango hainbat jardueretan, jateko eta edateko uneetan, esaterako.