Zabaldu dute posta bidezko botoa emateko epea

Baleike 2020ko mai. 20a, 16:00

Herritarrek uztailaren 2a bitartean izango dute horretarako aukera Correosen bulegoetan. Modu iraunkorrean atzerrian bizi diren herritarrek, berriz, ekainaren 13ra arte eskatu ahal izango dute posta bidezko boza. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak uztailaren 12an izango dira, eta mahaiak osatzeko zozketak ekainaren 13tik 18ra egin beharko dituzte udalek.

Uztailaren 12an izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta dagoeneko zabaldu dute posta bidezko botoa emateko epea. Herritarrek uztailaren 2a bitartean izango dute horretarako aukera Correosen bulegoetan. Norberak egin beharko du eskaera, NAN originala aurkeztuta, baina gaixotasunak-eta dituztenek baimendutako pertsona baten bidez egin ahal izango dute; horiek mediku agiria aurkeztu beharko dute.

Behin eskaera eginda, ekainaren 22a eta uztailaren 5a bitartean, herritarrek etxean jasoko dituzte boto-paperak, ziurtagiriarekin eta hautes-mahaiaren informazioarekin batera. Ekainaren 22tik uztailaren 8ra bitartean eman ahal izango da posta bidezko boza. Bestalde, modu iraunkorrean atzerrian bizi diren herritarrek ekainaren 13ra arte eskatu ahal izango dute posta bidezko boza.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, posta bidezko botoa ematea sustatuko du; izan ere, koronabirusaren osasun krisiaren ondorioek eta uda sasoia izateak abstentzioaren igoeran eragina izan dezaketela uste du erakundeak.

Errolda, astelehenetik ikusgai

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.788.602 lagunek dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan botoa emateko eskubidea; Gipuzkoan, 583.063 lagunek, zehazki. Horiek 2020-2024 legealdian Eusko Legebiltzarra osatuko duten 75 legebiltzarkideak hautatu beharko dituzte uztailaren 12an.

Astelehenean, maiatzak 25, jarriko dituzte hauteskunde erroldak ikusgai udalek, eta egun horretan bertan zabalduko dute erreklamazioetarako epea. Ekainean 13tik 18ra osatuko dituzte tokian tokiko hauteskunde mahaiak, eta beraz, egun horien artean egingo dituzte udalek zozketak. Mahaian egotea egokitzen zaien herritarrei ekainaren 14tik 20ra jakinaraziko diete.

Hautes-zerrendak, berriz, ekainaren 16an argitaratuko dituzte Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian, eta hauteskunde kanpaina ekainaren 26tik uztailaren 10era gauzatuko dute alderdiek.

Hauteskundeen inguruko informazio eta argibide guztiak www.hauteskundeak.eus webgunean kontsulta daitezke.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide