Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten hiru herrietan, Deban, Mutrikun eta Zumaian, hirigune barruko zuhaitzak ezagutzeko ibilbide birtualak egin ditu Geoparkeak. Herri barruko biodibertsitatea ezagutzera emateko helburuz sortu dute ibilbidea. Hiru kilometrokoak dira, euskarazkoak, eta familian, lagun artean nahiz bakarka egiteko diseinatu dituzte.
Mapa baten bitartez egin daiteke ibilbidea, eta bertan adierazita daude zuhaitz bereziak dauden lekuak. Bakoitzak bere informazio-kaxa dauka, testu, irudi eta bideo batez osatuta. Ibilbideak egiteko, mapak deskargatuta egin daitezke, edota Google Maps aplikazioa erabilita.
Herri bakoitzeko Turismo Bulegoan abiatzen dira ibilbideak, eta hamar bat zuhaitz ezagutzeko aukera ematen du. Guztira, 28 zuhaitz identifikatzeko aukera izango dute bisitariek, horien artean, lizarra, magnolia, artelatza, hagina, makal beltza edota sekuoia luzea.