Zazpi egun kasu berririk hauteman gabe igaro ostean, positibo berri bat zenbatu dute azken orduetan Gipuzkoan, Osakidetzaren datuen arabera. Jakitera eman dutenez, Donostian bizi da PCR proban positibo eman duen gipuzkoarra. Lau kasu berri atzeman dituzte Bizkaian, eta Araban ez dute positibo berririk topatu. Eusko Jaurlaritzaren arabera, beraz, 19.671 kasu baieztatu dira orain arte, zenbaketak hasi zirenetik. Hiru lurralde horietan, guztira, bi pertsona gehiago hil dira koronabirusaren eraginez, baina Osakidetzak ez du zehazten zein lurraldetan jazo diren heriotzak. Guztira, 1.513 dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusak erasanda hildakoak.
Atzokoan 4.790 proba egin ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 3.394 PCR eta 1.396 test serologiko. Datu ofizialen arabera, zenbatutako positiboen %91k jaso dute senda-agiria dagoeneko (17.895), eta kutsatuen %7,7 hil dira guztira (1.513). Azpimarratzekoa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kutsatze-indizeak 1etik beherakoa izaten jarraitzen duela: 0,64. Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek.