COVID-19a ez hedatzeko hartutako neurriek eragina izan zuten atzoko plenoan. Berez, 17 zinegotzi ditu Zumaiako Udalak, 10.000 bizilagunetik gorako udalerria izanda. Baina, zinegotzien arteko distantziak mantendu behar zirela eta, bederatzik bakarrik –quoruma gordetzeko adina– parte hartu zuten: EH Bilduko bost zinegotzik, EAJko hiruk eta PSE-EEko batek.
Dokumentuan jasotzen denez, araudi honek ostalaritza eta merkataritza arloan erabilera publikoko espazioez egin litezkeen erabilerak arautzea du xede. Horrez gain, auzokoen atsedenerako eskubidea zaintzea eta ostalaritzaren eta merkataritzaren sektoreak garatzea du helburu, "bereziki kontuan hartuta herritarren artean zein erro sakonak dituen eta herriko ekonomian zer nolako eragina duen".
Irizpide nagusi bezala, araudi honen bidez lehentasuna eman nahi zaio "erabilera komun orokorrari", oinezkoen joan-etorrietan arreta berezia jarrita; "eta, hala, ez mugatzea herritarrei erabilera publikorako espazioetarako sarbidea, horietan erraz, eroso eta segurtasunez ibili ahal izateko moduan".
Neurri zehatzagoetara joanda, zuhaitzak, parterreak, hiri paisaiako landaredia eta hiri altzariak babestu nahi da; zerbitzu publikoen funtzionamendua bermatu nahi da, larrialdiko zerbitzuena bereziki; eta pertsonek ingurumen osasungarria edukitzeko duten eskubidea babestu nahi da.
Nahiz eta, hasiera batean, ordutegiak murriztuko zirela iragarri zen, behin behinekoz onartutako araudian aurreko ordutegi beraiek mantenduko dira: udako denboraldian (Aste Santutik urriaren 31ra arte), igandetik ostegunera, 00:30ak arte egin ahal izango dute lan; eta ostiral, larunbat eta jai bezperatan 01:30era arte. Udako denboralditik kanpo, aldiz, igandetik ostegunera 24:00ak arte lan egiteko baimena izango dute, eta ostiral, larunbat eta jaiegunetan 01:00ak arte.
Iazko urrian hasi zen udal gobernua ordenantza hau prestatze lanetan. Alex Oliden zinegotziak gogoratu zuenez, hilabete horretan bi bilera egin zituzten, merkatariekin eta ostalariekin bana, eta ekarpenak jaso ziren teknikariekin batera lantzeko. Otsailean eta martxoan bilera gehiago egin ondoren, gaia azken hilabete horretako udalbatzara eramateko asmoa zuten, baina koronabirusak sortutako egoeraren ondoren bertan behera geratu zen asmoa. "Pleno honetara ekartzeko asmorik ere ez genuen hasiera batean, baina ostalari eta merkatari beraiek eskatuta aurkeztu dugu".
EAJren abstentzioa
Jeltzaleen abstentzioa iragarri zuen Oier Korta bozeramaileak. Bere esanetan, araudia egiteko erabilitako prozedura ez dator bat gaiak zuen garrantziarekin. Kortak gogoratu zuenez, udal gobernuak urriko plenora eraman nahi zuen ordenantzaren onarpena, herritarrei beraien iritzia ematen utzi gabe. "Behin behinekoz onartu ondoren izango zuten hauek iritzia emateko aukera".
Olidenek onartu zuen urriaren amaierako plenora eraman nahi zutela gaia. "Hor ez genuen asmatu, eta azaroan beste plangintza bat egitea pentsatu genuen". Bileretan bai, baina batzordeetan proposamen bat bera ez aurkeztu izana ere egotzi zien Olidenek jeltzaleei.
Kreditu aldaketa
528.000 euroko kreditu aldaketa ere onartu zuen atzoko plenoak. DBHko eraikineko elektrizitate eta gas horniketarako, eta komentuko proiekturako erabiliko da diru hori, besteak beste. Udaleko kontu-hartzaileak kreditu aldaketa honen aurkako txostena prestatu zuen, eta hortaz baliatu ziren jeltzaleak kontrako botoa emateko, nahiz eta, Marikruz Alvarez EAJko zinegotziak esan zuenez, egingo ziren lanen aurka egon ez, baina bai finantziazioaz. COVID-19ak sortutako egoeraren ondoren, udal aurrekontuak berraztertzea ere eskatu zuen zinegotziak.
Arantxa Gajate ogasun zinegotziak adierazi zuen lanketa hori egiten ari direla. Gogoratu zuen Foru Funtsetik jasotako ditua %20 jaitsiko dela, eta aztertuko dutela zein proiektu uzten dituzten bertan behera, zeintzuk gelditzen dituzten baldintzen arabera, eta zein proiektu diren lehentasunezkoak. "Ajusteak egingo ditugu, bai sarreren aurreikuspenetan, bai gastu eta inbertsioetan". Kontrako txostena jaso dutela onartu zuen, baina jarraian azpimarratu zuen udala ez dutela geratuko. "Herritarrei zerbitzuak eman eta beraien onerako planteatuta ditugun proiektuak aurrera eraman behar ditugu. Eta horretarako beharrezkoa da guztia bat-batean ez etetea".
Proposamena EH Bilduren aldeko bost botokin onartu zen, EAJk (3) kontra bozkatu zuen, eta PSE-EE (1) abstenitu egin zen.
Foru Funtsaren inguruko bi mozio
Zerga bilketatik jasotako kopurua %20-25 jaitsiko dela aurreikusi du aldundiak, eta horregatik Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik Gipuzkoako udalerriek jasoko duten dirua %20 jaisteko erabakia hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horren aurrean, mozioa bat eraman zuen EH Bilduk plenora. Goiz horretan bertan gai horri lotutako beste mozio bat aurkeztu zuten EAJk eta PSE-EEk. Biak ala biak onartu ziren.
EH Bilduk aurkeztutako mozioak alderdi bereko bost zinegotzien aldeko botoa jaso zuen, eta lau kontrakoak (EAJ eta PSE-EE). Bigarren mozioak, berriz, EAJ (3) eta PSE-EE (1) alderdien aldeko lau boto jaso zituen; EH Bildu abstenitu egin zen.