Orduan bai

Osasuna, benetako ondasuna

Imanol Azkue Ibarbia 2020ko mai. 31a, 15:30

Ez zaigu samurra egin etxealdia, baina gaitz erdi, gehienok badaukagulako non eta zeinekin egon, badauzkagulako lagun eta zaintzaile onak, ondo gaudelako eta badaukagulako nahikoa entretenimendu. Okerrago daude beste batzuk, etxetik urrun eta arnasagailu baten haritik zintzilik… Ospitaleak eta ongintza izango ditugu mintzagai, eta ikusiko dugu garai batea ez zegoela orain bezalako osasun zerbitzurik. 

Imanol Azkuek maiatzeko aldizkariko Orduan Bai atalerako idatzitako erreportajea ekarri dugu webgunera.

Ia herriaren sorreratik bertatik egon ziren Zumaian ospitaleak, “Goikoa” eta “Behekoa” izenekoak, baina haiek ez ziren osasun zentroak edo sendatzeko lekuak, baizik eta kanpotarrei eta ibiltariei ostatu ematekoak. Martínez Kleiserren arabera, Goikoa ospitalea Arritokieta ermitaren aldamenean egon zen; Behekoa, berriz, Erribera kalean, Prebostearen (Buzoarenaren) etxearen ondoan, San Pedro kaleko eskaileren alboan. Baina urte askoan ez zen izan gaur egun ulertzen dugun bezalako ospitalerik; norbait gaixotuz gero, etxean geratzen zen eta han bisitatzen zuen medikuak; gainera, gaixotasuna kutsakorra izanez gero, zaindariak ere jartzen zizkioten, inor ez sartzeko eta irteteko, eta garbiketaz eta jaten emateaz arduratzen zirenak ere izendatzen zituzten (gehienetan emakumezkoak).

1855ean medikuaren plaza atera zuenetik, Udalak herritarren zerrendak egiten zituen: batean, “derrama” izenekoan, zerbitzua ordain zezaketen herritarrak jartzen zituen, eta zeinek eta zenbat pagatu behar zuen adierazten zuen; beste zerrenda batean, berriz, behartsuak edo “pobres de solemnidad” izenekoak, medikuak haiek doan artatzeko; baina medikuak behin baino gehiagotan kexatu ziren, behartsuen zerrendan bazeudelako berez ordaintzeko nahikoa diru bazeukatenak; adibidez, 1878an, Jose Manuel Fuentes medikuak ezizen eta guztirekin izendatu zituen: “Jose Zubia (Pasajero), Francisca Olaizola (motela), Julian Galdona (esquerra)…”. Medikuaren zerbitzuaz ez ezik, behartsuen mantenuaz edo haien eguneroko jatekoa ziurtatzeaz ere Udala arduratzen zen; adibidez, 1844an, honela: “acordó el Ayuntamiento que a Micaela Jacinta de Uribe loca y pobre de solemnidad de esta villa se suministre con media libra de carne fresca hasta nueva orden”; baina batzuetan amaitu egiten zen jakia, adibidez, 1868an: “Expuso el Señor Regidor Don Pedro José Echaniz que según manifestación de Doña Teresa Carmen Echave se había consumido toda la legumbre que se suministraba a los pobres de esta villa y acordó el Ayuntamiento suministrar legumbre de otra parte en que hubiera a fin de que no se queden aquellos sin sustento”. Jaten emateko zerbitzua mojen esku utzita zeukan Udalak; horrela, 1871n, Azpeitian miserikordia etxea egiteko asmoa zegoela eta, Udalak hau adierazi zuen: “que el Ayuntamiento de Zumaya sostiene a sus pobres dándoles un rancho diario por medio de las monjas del convento de San José, cuyo trabajo lo desempeñan gratuitamente”. Hala ere, herritar batzuek ikusten zuten horrelako etxe baten beharra; horrela, 1872an Zumaian jartzeko ekimena abiatu zuten, eta Udala ados agertu zen, baina gehiago zehaztekotan (finantziazioa, kokalekua…). Miserikordia etxea jartzeko benetako aukera 1881ean sortu zen: Patxita Etxezarretak Udalari Arritokieta kaleko 8 zenbakiko (gaur egun 10 zenbakia, Kaldesenekoa) etxea utzi zion, behartsuentzat edo umezurtzentzat ospitalea edo babes etxea izateko baldintzarekin, eta han egon zen “Asilo de beneficiencia” izenekoa, San Juan egoitza eraiki zuten arte, 1928an.


Kaldesenekoa, Arritokieta kalean. 1929ra arte asiloa edo miserikordia etxea izan zen (Imanol Azkue).

Garai hartan, zumaiar asko egunean egunekoarekin justu-justu bizi ziren, eta nahikoa izaten zuten ezbehar edo ezusteko bat ezinean geratzeko; horregatik, maiz herritarrek laguntza eskatzen zioten Udalari: Elgoibarrera medikuarenera joateko, begiko operazioa ordaintzeko, emaztea bikiez erditu zelako… Horrelakoetan, normalean Udalak diru kopuru bat ematen zien, lagungarri. XX. mendearen hasieran, Donostiara bideratzen zituzten gaixoak gehienetan San Antonio Abad (Manteo) ospitalera eramaten zituzten, Uliara.

XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, zenbait osasun krisi izan ziren: nafarreria, 1870ean; sukar gastrotifoidea, 1880an; elgorria, 1886an; gripea, 1918an… Horietan, ohiko mediku, botikari, praktikante, albaitari eta abarrez gain, behar izan zenean beste laguntzaile batzuk ere hartu zituzten: zaintzaileak, garbitzaileak, kamilleroak… Gaixoentzako ospitaleei dagokienez, lehenengoa 1865ean aitatzen da: “cólera morbo asiática” gaitzaren izurritea zela eta, etxea eskatu ziotelako Carlos Mazarredori, ospitalea jartzeko, baita hark baietz erantzun ere: “(…) siendo de absoluta necesidad el que se establezca un hospital para los enfermos en el caso inesperado de que sea atacada la población por la enfermedad reinante y no hallando local más a propósito e idóneo para el objeto que la casa nombrada Echezarretaenea”; ama zuen Etxezarreta Mazarredok, eta etxe hura Goiko plazan zegoen eta gero Maria eta Jose ikastetxerako izango zen. Urte batzuk geroago, II. Karlistaldian, 1873an, medikuaren esku utzi zuten ospitalea jartzeko etxea aukeratzeko erabakia, esan zioten Goiko plazako eta San Jose kaleko handixkien etxeetarik bat hautatzeko; bi ohe besterik ez zeuzkan, eta harako materiala ere eskatu zuten apaizaren bidez: “Igualmente, se acordó que el mismo Domingo anunciará el Párroco de esta villa del púlpito, por si alguna persona caritativa se prestase con alguna ropa para dicho establecimiento [ospitalea]”. 


San Telmo ermita eta Gurrutxagak eraikiarazi zuen Ospitalezarra (argazkia: Imanol Azkue).

Handik urte batzuetara, Eusebio Gurrutxagak etxe berezi bat eraiki zuen San Telmo ermitaren ondoan, oraindik ere zutik dagoena, eta 1893tik 1898ra han egon zen infekziosoen ospitalea. Honela azaldu zuen Gurrutxagak eraikitzeko arrazoia: “(…) consideré como uno de los mayores beneficios que podía otorgar al vecindario, en prueba de mi constante cariño, un local con las debidas condiciones para albergue de los desvalidos coléricos. Con tal motivo, concebí y ejecuté por mi propia y exclusiva cuenta el edificio de San Telmo, con el propósito de destinarlo a hospital de coléricos, en caso de necesidad”. Udalak behin baino gehiagotan erosi nahi izan zion, baina ez ziren ados jarri prezioan, eta, azkenean, Udala “lazareto” izenekoa eraikitzen hasi zen 1894an Andremarialdean, gaixotasun kutsakorrak zituztenentzat; urte batzuk geroago, San Juan ospitalea edo egoitza ere eraiki zuten, haren ondoan. Ospitaleetan, bereziki azpimarratzekoa da mojek egindako lana eta emandako laguntza: Mariaren zerbitzariak egon ziren 1902-1914 artean, eta 1914-2007 artean Jainkoaren Maitasunaren ahizpak. 

XX. mendean zehar, ekimen ugari izan ziren ospitaletarako dirua biltzeko: Luis Martínez Kleiserren La Villa Villagrana de Zumaya liburuaren salmentarekin ateratako dirua; zezenketak, tartean Juan Belmonte toreatzailea eta guzti; berbenak, musika bandarekin; Gabon korua ere Andazarrateko erietxerako dirua biltzeko asmoz jaio zen… Bukatzeko, bereziki aitatu beharra daukagu gurean izan zen ospitalerik handiena, behin-behinekoa izan bazen ere: 1936ko Gerraren ondorioz, Hotel Amaya zena “Hospital Militar Disciplinario” bihurtu zuten, 1943 arte, berriz ere hotel bezala zabaldu aurretik.


Bi argazki hauen artean urte batzuk eta alde ugari daude. Orain Usategia dagoen lekuan lehen Lazaretoa zegoen (Zumaiako Udala eta Imanol Azkue).

Harrezkero, ospitalerik ez daukagu Zumaian, baina garai batean ez bezala, segurantzia daukagu behar izanez gero anbulantziak jaso, ordu erdian Donostiako ospitalera eraman eta han ondo hartuko gaituztela. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide