Zenbakiek baxuak izaten jarraitzen badute ere, azken orduetan igoera txikia izan du koronabirus kasu berrien kopuruak. COVID-19 gaitza azaldu zenetik hildakorik eta kutsaturik gabeko lehen eguna izan zen herenegungoa. Atzo, 4 kasu berri zenbatu zituzten, eta azken orduetan, berriz, 6: hiru Araban eta beste hiru Bizkaian. Gipuzkoan, aldiz, ez dute positibo berririk atzeman. 5.379 proba egin ziren atzo denera, 4,277 PCR eta 1.102 test serologiko. Koronabirus gaitzak 19.967 herritar jo ditu pandemia hasi zenetik, eta horietatik 16.656 pertsonek senda-agiria jaso dute; alegia, kutsatu kopuru orokorraren %83,4.
Azken orduetan 10 hildako berri zenbatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira, martxotik gaurdaino 1.553 dira COVID-19 gaitzak hildako pertsonak. Hiru lurraldeetako kutsatze-indizeak 1 baino baxuagoa izaten jarraitzen du: 0,68. Kutsatu batek bataz beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du zifra horrek.
Zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten gaixoen kopuruak behera egin du, Osasun Sailaren arabera; gaur gaurkoz 24 paziente daude ZIUn ingresatuta, atzo baino hiru gutxiago.