Koronabirusaren pandemiaren erdian gertukoak galdu dituzten herritarrentzat arreta zerbitzua jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak. Hain zuzen ere, Betirako programa jarri dute martxan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 400 familiari baino gehiagori laguntza psikologikoa eskaintzeko eta dolua lantzeko. Hiru bide jarri dituzte arreta zerbitzua jaso nahi dutenentzat: 900-90 87 44 telefonoa, Betirako.org webgunea edo aurrez aurreko kontsultak.
Arreta zerbitzu oro doakoa izango da, eta Jaurlaritzak adierazi duenez, 700 psikologok eta gizarte nahiz hezkuntza zerbitzuetako profesionalek eskainiko dute. Telefono bidez herritarrak entzungo dituzte eta horiei arreta eta orientazioa eskaniko diete zerbitzuaz arduratuko diren profesionalek. Webgunean, berriz, programari buruzko informazioa eskura daiteke, baita askotariko edukiak –audioak, bideoak, artikuluak…–. Aurrez aurreko zerbitzua ere eskatu ahal izango dute herritarrek, hala behar izanez gero.
Jaurlaritzak adierazi duenez, profesiolengana laguntza eske garaiz jotzeak dolu prozesuari bide ematen lagun dezake, baita ondorio psikologikoak saihesten ere. COVID-19aren pandemiak eragindako krisialdian birusak eraginda edo beste gaixotasunen bat tarteko hurbileko pertsonak galdu dituzten pertsonek eska dezakete arreta zerbitzua.