Azken 24 orduetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan koronabirusaren lau kasu berri atzeman dituzte, bina Araban eta Bizkaian; Gipuzkoan, aldiz, ez dute kasu berririk hauteman. Guztira, 4.054 proba egin zituzten atzo, 2.948 PCR eta 1.106 test serologiko. Krisia hazi zenetik COVID-19 gaitzak erasandako 20.056 kasu zenbatu dituzte hiru lurraldeetan martxotik hona, eta horietatik 16.853 pertsonek jaso dute senda-agiria, %84ak, alegia.
Azken orduetan hildakoak hiru izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, atzo baino bost gutxiago. Guztira, martxotik gaurdaino 1.564 dira COVID-19 gaitzarekin hildako pertsonak. Bestalde, hiru lurraldeetako kutsatze-indizeak 1 baino baxuagoa izaten jarraitzen du, baina atzotik (0,74) apur bat gora egin du: 0,76. Kutsatu batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du zifra horrek. Zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten gaixoen kopuruak beheranzko joera izan du azken datuen arabera. Hain zuzen ere, Osasun Sailaren arabera, gaur gaurkoz 21 gaixo daude ZIUn ingresatuta, atzo baino bat gutxiago.