Azken astean 37 positibo berri zenbatu dituzte Gipuzkoan

Baleike 2020ko eka. 14a, 15:22

Osasun Sailak jakitera eman duenez, azken orduetan bederatzi koronabirus kasu berri atzeman dituzte hiru lurraldeetan: horietatik bost Bizkaian eta bina Araban eta Gipuzkoan. Ekainaren 1etik 8ra arteko herriz herriko datuak ere eguneratu dituzte gaur. Horien arabera, tarte horretan, positibo bakarra atzeman zuten eskualdean.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bederatzi koronabirus kasu berri atzeman dituzte azken 24 orduetan; horietatik bost Bizkaian eta bina Araban eta Gipuzkoan. Iragan igandetik, berriz, 37 kasu berri zenbatu dituzte Gipuzkoan.

Osasun Sailak, gainera, herriz herriko datuak eguneratu ditu gaur, gaitza agertu zenetik ekainaren 8ra artekoak. Horien arabera, ekainaren 1etik 8ra positibo bakarra atzeman dute eskualdeko herrietan; Zarautzen, hain zuzen.

Azterketa herriz herri eginda, ekainaren 8ra arte 204 lagunek eman dute positibo Zarautzen, 54 kasu zenbatu dituzte Zumaian, 28 Orion, 22 Azkoitian, hemezortzi Azpeitian, zortzi Getarian, zazpi Aian, bost Zestoan eta hiru Aizarnazabalen. Beizaman eta Errezilen ez dute koronabirusagatik kutsatutako herritarrik zenbatu gaitza agertu zenetik. Gaitzaren agerpenetik ekainaren 8ra bitartean 349 herritarrek eman dute guztira positibo eskualdean COVID-19agatik.

Testak eta hildakoak

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 4.060 proba egin zituzten atzo; horietatik 3.976 PCRak eta 84 test serologikoak. Krisia hasi zenetik gaur arte COVID-19 gaitzak kutsatutako 20.415 kasu zenbatu dituzte hiru lurraldeetan. Horietatik 17.601 pertsonek jaso dute senda-agiria, %86,2ak hain zuzen ere; atzo 26 lagunek jaso zuten senda-agiria. Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU), bestalde, hemezortzi pertsona daude gaur-gaurkoz. Azken orduetan, berriz, hiru lagun hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira, 1.592 pertsona hil dira COVID-19 gaitza martxoan agertu zenetik. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide