Zumaiako Udalak hainbat zergen kobrantza atzeratu du, COVID-19aren ondorioak leuntzeko asmoz. Zerga egutegi berriaren arabera, uztailaren 3ra arte izango dute herritarrek Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga ordaintzeko. Orainketa helbideratuta dutenei uztailaren 3an bertan kobratuko zaie zenbatekoa.
Zerga helbideratu nahi duten herritarrek horretarako aukera izango dutela jakinarazi du Udalak. Horretarako, nahikoa izango da zergak@zumaia.eus helbidera idaztea. Jabearen izena, NAN zenbakia, kontu korronte zenbakia eta matrikularen datuak bidali beharko dituzte. Ordainketa bankuan bertan egin nahi dutenek ordainagiria beharko dute, eta hori lortzeko udaletxera jo beharko dute, zaharkituta geratu baitira helbideratuak ez dauden etxeetara bidalitako ordainagiriak, epemuga atzeratu delako.