Kalari taberna momentuz itxita dago, koronabirusa dela eta

Juan Luis Romatet 2020ko uztailaren 10a

[EGUNERATUA] Kalari tabernak momentuz ateak itxi ditu azken egunotan Zumaian eman den koronabirus kasu positibo batekin harremana duelako. 

COVID-19an positibo eman duen pertsona batekin harreman zuzena dutela eta, Kalari tabernako langileek PCR proba pasa dute azken egunotan. Tabernako arduradunak azaldu duenez, guztiek negatiboa eman dute, baina bigarren PCR proba bat pasa arte taberna ixtea erabaki du, Zumaiako Udalak eta udaltzaingoak hala gomendatuta.

Bigarren proba datorren asteazkenean pasako dutela gaineratu du arduradunak, eta bitarte horretan, itxita egoteaz gain, taberna desinfektatuko dutela ere azpimarratu du. Desinfektazio lanak gaur bertan egitea aurreikusi du.

Udalaren oharra

Gai honen inguruan oharra plazaratu du udalak. Oharrean gogoratu du azken egunotan kasu positibo bat eman dela herrian, eta positiboa Ordiziako fokuarekin lotura duela. "Ohiko prozedura jarraituz, positibo emandako zumaiarraren inguruko jendeari frogak egin dizkiete. Horietako batek positibo eman du lehen frogan; gainontzekoek lehen frogan negatibo eman badute ere, bigarren frogaren zain daude". 

Udalaren esanetan, bigarren frogaren zain dauden zumaiarren artean herriko taberna bateko langile bat dago, eta prebentzio neurri gisa taberna hori ixteko agindua ematea erabaki du Udalak. Taberna horretako gainontzeko langileei ere PCR froga egin die Osakidetzak, eta emaitzaren zain daude".

Udalaren izenean herritarrei arduraz jokatzeko eskatu dute berriro ere; “osasun krisi egoeran jarraitzen dugu, eta izugarrizko garrantzia du jende pilaketak saihestu, distantziak gorde eta maskara janzteak”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide