Koronabirusa dela eta, aldaketak izango dira igandean, ez lekuetan bakarrik, baita bozkatzeko moduan ere.
Hogarrean eta Zumaiako Herri Eskolak Sagarbiden duen ikastetxean izan dira orain arteko hauteslekuak. Birusaren garaian, baina, bi leku hauetan ezin dira hautestontzirik jarri, eta leku berriak aurkitu behar izan dituzte. Hala, alde zaharreko, parolaldeko, moilako, Larretxoko eta Ardantzabideko bizilagunek Alondegiko Oxford aretoan izango dute botoa emateko aukera; Etxezarretako, Basadiko, Aita Mariko, Estazioko, Alaiko eta Jadarrekoek, aldiz, Aitzuri frontoian.
Segurtasuna
Botoa emateko orduan maskara erabiltzea, tartea zaintzea eta eskuak garbitzea izango dira betebeharreko neurri nagusiak. Gainera, Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak aholkatu du botoa etxetik prestatuta eramatea.
Aldaketa horiez gainera, beste batzuk ere izango dira. Botoa emateko garaian, hautes mahaian identifikatzeko orduan, bakoitzak bere izena esan beharko du altuan, eta mahaiko kideek ezingo dute eskuetan hartu boto emailearen nortasun agiria. Hauteslekuetarako sarreran eta irteeran gel hidroalkoholikoa jarriko dute. Horrez gainera, maskarak jarriko dituzte, ahaztuta botoa ematera joaten diren hautesleentzako.
EAJ garaile 2016an
2016an egin ziren Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeak, eta EAJ izan zen boto gehien jaso zituen alderdia Zumaian: 1.778 boto jaso zituzten jeltzaleek. EH Bildu izan zen bigarren alderdia, 104 boto gutxiagorekin: 1.674 boto jaso zituen koalizioak. Elkarrekin Podemos izan zen hirugarren, 592 botorekin; PSE-EE laugarren, 417 botorekin; eta alderdi popularra bosgarren,104 botorekin.
Hemen ikus daitezke 2016ko datuak.