Lau ehunekorengatik ez du Zumaiak lehen bandera irabazi

Juan Luis Romatet 2020ko uzt. 12a, 08:16

ETE eta KAE ligak atzo hasi ziren, Pasaiako badian. Telmo Deun arraun elkarteko bi ontzi izan ziren lehian, eta emaitza erabat desberdinak izan zituzten: emakumeak denboraldiko lehen bandera irabazteko zorian izan ziren; gizonak hamargarren sailkatu ziren. 

Erlojuaren aurka aritu ziren traineruak atzo Pasaian, ETE, KAE 1 eta KAE 2 ligen hasieran. Zumaiari dagokionez, ETE eta KAE 1 ligatan ditu ordezkariak.

Emakumeek Tolosaldeako I. ikurrina izan zuten jokoan. Erlojuaren aurka, hiru luze bete behar izan zituzten traineru hauek, eta ehuneko gutxi batzuengatik ihes egin zion banderak gorriei.

Deusto, Lapurdi, Tolosaldea eta Zumaia aritu ziren lehen txandan, eta lehen ziabogarako garbi geratu zen tolosarren eta zumaiarren artean izango zela lehia. Lehen ziabogan hiru segundoko aldea atera zion Tolosak Zumaiari, baina, atzetik aurrera egindako estropada batean, gorriak hurreratu egin zitzaizkien tolosarrei. Bigarren ziabogan aldea segundo bakarrekoa izan zen. Azken luzean hortzak estutu zituzten Kike Manterolak entrenatutako arraunlariek, baina hurre, oso hurre izan bazuten ere, ezin izan zuten azkenean Tolosaldearen denbora hobetu. 

Tolosaldea izan zen irabazlea, 10:56,74 denborarekin; Zumaia bigarren izan zen lau ehunekora (10:56,78), eta Ondarroa hirugarren 11:02,58 denborarekin.

Hemen emakumeen estropadan izandako denborak.

Gizonek Kepa Deun Arrantzaleen Kofradiako XXI. ikurrina izan zuten jokoan. Hamabi ontzi aritu ziren banderaren bila, bost luzera jokatutako estropadan. Zumaia bigarren txandan aritu zen, Deusto, Orio, Getxo, Arkote eta San Pedrorekin batera. 

Ez dute gorriek denboraldi hasiera ona izan, eta 10. postuarekin konformatu behar izan dute KAE 1 denboraldiko lehen estropada honetan.

Hemen gizonezkoen estropadan izandako denborak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide