EH Bilduk irabazi du Zumaian, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan

Juan Luis Romatet 2020ko uzt. 12a, 22:03

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin dira gaur, eta EH Bildu izan da boto gehien jaso dituen alderdia Zumaian. 2.049 boto jaso ditu koalizioak, orain lau urte baino 375 boto gehiago. Lehen aldiz EAE mailako hauteskunde batzuk irabazi ditu EH Bilduk Zumaian

Pandemiak baldintzatutako hauteskunde hauetan boto igoera handia izan du EH Bilduk. 375 boza gehiago lortu ditu koalizioak 2016ko hauteskundeekin alderatuta –1.674 boto lortu zituen orain lau urte–. 

EAJ izan da bigarren alderdi bozkatuena. Orain lau urteko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak irabazi zituzten jeltzaleek, 1.778 botorekin. Gaurko bozatan 1.690 boto lortu ditu, orain lau urte baino 88 boto gutxiago.

PSE-EE izan da hirugarren alderdia Zumaian, eta aurreko hauteskundeekin alderatuta zazpi botoko igoera izan du: 417 2016an, eta 424 aurten.

Elkarrekin Podemos izan zen hirugarren alderdi bozkatuena orain lau urte. Boza haietan Equorekin batera aurkeztu ziren, baina aurten bakoitza bere aldetik aurkeztu du. Elkarrekin Podemosek 188 boto lortu ditu, eta Equok 37. Jaitsiera nabarmena izan dute, orain lau urte 592 lortu zituztelako Zumaian.

PP C's-ekin batera aurkeztu du boza hauetara, baina indarrak metatzeak ez die balio izan. 62 boto besterik ez ditu lortu eskuineko koalizio honek. PPk 143 boto lortu zituen 2016an, bakarrik aurkeztu zenean. Vox-ek, berriz, 25 boto lortu ditu Zumaian.

Abstentzioa %40,69ekoa izan da gaurko hauteskundeetan, orain lau urte baino lau puntu handiagoa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide