Gaur gauerditik aurrera, pertsonen arteko distantzia mantenduta ere, maskara derrigor erabili beharko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, koronabirusaren datuen bilakaerak behartu ditu neurriak hartzera, eta beraz, erabilera publikoko edozein espaziotan maskara jantzita izan beharko dute herritarrek.
Dena den, hondartzan edo igerilekuan maskara kendu ahal izango da, etzandakoan edo eseritakoan, pertsonen arteko gutxieneko distantzia mantentzen bada edo pertsona horiek etxe berekoan baldin badira, baita bainua hartzerakoan ere. Gainera, ostalaritza guneetan, tabernetan nahiz elkarteetan maskara kendu ahal izango da jateko edo edateko unean. Naturguneetan eta kirola egiteko unean ere kendu ahalko da maskara.
Gainera, maskararen erabilera ez ezik, mahai berean egon daitezkeen lagunen kopurua ere mugatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, eta bihartik aurrera ezingo dute hamar lagunek baino gehiagok elkarrekin egon leku berean. Neurri hori terrazetan nahiz ostalaritza guneen barrualdean izango da indarrean, baita igerilekuetan eta hondartzetan ere.