Noiz zabaldu zenuen ganadutegia?
2010ean ekarri zituen lehen zezenak lehengusuak. Gure osabak Zestoan zuen lursaila utzi zigun lehengusuari eta bioi, eta horrela jarri genuen martxan Lopene Ganadutegia. Kapritxo moduan zabaldu genuen, gure zaletasuna direlako zezenak. Lehenagotik aritzen ginen eskualdeko ganadutegietan laguntzen eta herriz herriko zezen ikuskizunetan –guztiok ezagutzen dugu elkar mundu honetan– eta aukera sortu zenean, gure ganadutegia zabaltzea erabaki genuen. Osabak edo lehengusuek laguntzen digute, baina egunerokoan lehengusua eta biok egoten gara ganadutegian.
Zer egiten duzu egunero?
Egunero joaten naiz ganadutegira, tailerreko txandaren arabera. Goizeko 06:00etatik 14:00etara egiten dudanean lan, 15:30ak aldera joaten naiz Zestoara, 20:00ak arte. 14:00etatik 22:00etara egiten dudanean lan, berriz, goizeko 08:00etatik 12:00etara izaten naiz. Asteburuan egun osoa egoten naiz hor, ez dago deskantsurik.
Ez da ohikoa hain gazte ganadutegi bat zabaltzea…
Lehengusua 1988koa da, eta ni 1993koa. Txikitatik izan dugu zezen munduarekiko zaletasuna. Ganadutegia bost behirekin hasi genuen, eta 120 buru ditugu dagoeneko. Hiru kamioi ditugu gainera, eta herriz herri eramaten dugu ganadua festetara. Pandemia egoera honetan zortekoak garela diote askok, aire zabalean egiten dugulako lan, baina, normalean, hainbeste lan egiteak “ez duela merezi” uste dute gehienek. Guk, hala ere, gustuko dugulako egiten dugu, animaliak herriz herri lanean ikusten gozatzen dugulako, espero duguna egiten duten ala ez aztertuz.
Egoera latzean zaudete ganaduzaleak orain…
Zorionez, tailerrean egiten dugu lan, eta ez gara ganadutegitik bizi. Normalean, zoritxarrez horrela dela esango nuke, baina egoera honetan albiste ona da. Une honetan egoerari eusten ari gara. Dirulaguntzetan kontuan hartu gaituztela esan du Jaurlaritzak, baina ez dakigu noiz iritsiko den laguntza, ezta zenbatekoa izango den ere. Ganaduzaleok ez ditugu behiak hiltegira eraman nahi, eta mina ematen digun erabakia da. Ez dugu dirulaguntzen menpe egon nahi, baina normalean urtean 100 herri baino gehiagotatik pasatzen gara, eta orain ia bi urtez diru sarrerarik gabe egon beharko dugu.
Hiltokira eraman beharko dituzue animaliak?
120 buru ditugu, guztiak ez dira hiltokira joango, hori ziur, baina diru sarrerarik gabe jarraitzen badugu, erdiak, edo agian gehiago eraman beharko ditugu. Tailerretik bizi gara, baina gastu askori egin behar diogu aurre, eta ezin da dena mantendu. Sektore asko geldirik daude, baina egunero euro bateko kostua duela kalkulatzen da zezen bat mantentzea. Beraz, 120 euro ordaintzen ditugu egunean, eta 3.000 euro inguru hilean. Gainera, hiltegira eramanez gero ere, animalia hauek ez dute haragitarako balio, eta oso diru gutxi lortuko genuke. Ikusi beharko dugu zer datorren eta nola egiten diogun aurre.