Lehen denboraldia, lehen igoera

Juan Luis Romatet 2020ko uztailaren 17a

Hirugarren mailatik bigarrenera salto egin du Kbi xake klubak sortu eta lehen urtean. 

Sortu berria da Zumaiako xake klub hau, eta bere lehen denboraldian hirugarren mailan aritu da. Maila bederatzi taldeko hiru multzotan banatuta zegoen, eta Kbi lehena izan da bere multzoan. Horrek igoera fasea jokatzeko eskubidea ematen zion, baina, koronabirusa dela medio, fase hori ez zen jokatu. Igoera fasera sailkatutako talde batzuk bigarren mailara igotzea erabaki du Gipuzkoako Xake Federazioak, eta horien artean da Zumaiakoa. 

"Denboraldi oso ona egin dugu. Lehenengo urtea dugu klub bezala, eta oso harro gaude egindako lanarekin. Datorren urtera begira ere esperantzak ditugu lan ona egiteko", azaldu du klubeko presidente Aitor Sarasketak. 

Haurrekin egindako lana ere txalotu du presidenteak. "Kepa Aizpuruak umeekin egin duen lana ere txalotzekoa da. Ume asko ditugu herri honetan xakean jokatzen", nabarmendu du. Zentzu horretan, xakean aritu nahi duten guztiei dei egiten die Sarasketak. "Klubak Hogarrean duen lokalera agertu daitezke, edo bestela Kabi tabernara".

Klubarekin jarraituta, asteburu honetan 10 urtez azpikoen Espainiako txapelketa jokatuko da Granadan, eta bertan zumaiar bat izango da, Oier Sarasketa, hain zuzen ere. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide