Eremu horri lotutako segurtasun neurri batzuen berri ere eman nahi izan du udalak. Hala, behin eremua balizatuta, adierazi du portuko bainua balizatutako eremu horretan bakarrik hartu ahal izango dela. "Beraz, ezingo da ibaia zeharkatu, txalupekin gurutzatzeko arrisku handia dagoelako".
Gogorarazi du bainua itsasgoran bakarrik hartu ahal izango dela. "Astean zehar itsasgora denean sorosleak izango dira bainu eremua ikuskatzen". Bestalde, aipatu du portuan dauden pantalanetan ezingo dela bainatu, eta gune horiek txalupentzako bakarrik direla. Zubietatik salto egitea ere debekatua dagoela gaineratu du, eta Kresala-Talaipe eremuan ezingo dela bainurik hartu.
Amaitzeko, aditzera eman du Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak zaintzaileak jarri dituela portu eremuaren erabilpena ikuskatzeko.