Adinekoen egoitzetan bisitak baimentzea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Mireia Galarza Bastida 2020ko uzt. 25a, 12:31

"Prebentzio neurriak berrikusita", gaurtik aurrera bisitak baimenduko dituzte berriro ere egoitzetan. Hala ere, egoiliarren kanpo irteeren etena eta eguneko zentroen itxiera beste astebetez luzatuko dutela jakinarazi du foru erakundeak; hain zuzen ere, abuztuaren 2ra arte.

Orain dela astebete hartu zuen Eusko Jaurlaritzak eguneko zentroak behin-behinean ixteko erabakia, baita adinekoen egoitzetako egoiliarren irteerak etetekoa ere. Egun batzuk igarota, neurri horiek arintzen hastea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak jakinarazi duenez, “prebentzio neurriak berrikusi” dituzte, eta adinekoen egoitzetan egoiliar bakoitzak bi pertsonaren bisitak jaso ahal izango dituzte. Bisitetara joaten diren pertsonak “desberdinak” izan daitezkeela ere nabarmendu du Peñak. 

Hala ere, egoiliarren kanpo irteeren etena eta eguneko zentroen itxiera beste astebetez luzatuko du foru erakundeak; hain zuzen ere, abuztuaren 2ra arte. Peñak aitortu duenez, ordea, zentroak itxita egon arren, “bertako langileek egunero egiten dute jarraipena telefonoz, eta premia handiena dutenen kasuetan, arreta indartu egin da etxeetan”.

Bestalde, aldundiak azaldu duenez, uztailaren 27an irekiko dituzte desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako eguneko zentroak —Eibarrekoa, Bergarakoa, Tolosakoa eta Ibarrakoa izan ezik—, eta egun horretatik aurrera baimenduko dituzte desgaitasuna duten egoiliarren kanpo irteerak ere. Peñak nabarmendu duenez, erabakiaren helburua oraindik ere “birusarekiko ahulenak” diren pertsonen “osasuna eta ongizatea zaintzea” da. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide