Irudietan, Getariako arraun jardunaldia

Onintza Lete Arrieta 2020ko uzt. 25a, 18:00

Telmo Deuneko neskak lehiatik arranplara itzuli diren unea, nahiz mutilak uretara sartu diren unea harrapatu ditu Baleike.eus-ek. Gaurkoan bosgarren sailkatu dira ETE ligakoak, eta zazpigarren, berriz, KAE1ekoak.

Bederatzi jardunaldiren faltan, hirugarren dira zumaiarrak ETE ligan, baina gaur ez dira aurpegi alaiekin iritsi Getariako arranplara. Han jokatu da gaur Zumaiako II. Ikurrina, koronabirusaren krisiagatik Zumaian ez baita estropadarik izango aurten. Bost joko eremu zehaztu zituzten ETE eta KAE1 ligetarako, eta horregatik, Getarian ari dira hainbat jardunaldi egiten.

11:00etan hasi da emakumezkoen lehia, eta zumaiarrak erdi-erdian helmugaratu dira gaur, bosgarren. Arranplara gerturatu direnean ez zen pozik haien aurpegietan. Izan ere, puntu garrantzitsuek egin diete ihes Telmo Deuneko neskei. Sailkapen orokorrean hirugarren dira 19 punturekin, 21 ditu San Juanek, eta 27 Tolosaldeak. Horiek lortu dute garaipena gaur ere. Hirugarren garaipena dute jarraian.

Hauek dira gaurko emaitzak, eta sailkapen orokorra.

Gizonezkoei dagokienez, berriz, 12:00etan hasi da KAE1eko lehia, eta zumaiarrei arraun bat apurtu zaie norgehiagoka erdian. Uretara bota dutelako zigortu egin dute taldea epaileek hiru segundorekin. Kontuak kontu, ez dio eragin gaurko sailkapenean; zazpigarren helmugaratu dira Telmo Deunekoak, Getariaren aurretik. Sailkapen nagusian zortzigarren dira zumaiarrak, baina Orio puntu batera dute une hauetan.

Ikusi gaurko emaitzak eta sailkapen orokorra.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide