Emakumeak bigarren izan dira gaur Getarian; gizonezkoak seigarren

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 8a, 15:46

Jardunaldi ona izan da gaurkoa Telmo Deun arraun elkarteko traineruentzat. Emakumezkoen ontzia bigarren izan da Getarian jokatutako estropadan; gizonezkoena, berriz, seigarren. Bihar jokatuko dute denboraldiko seigarren jardunaldia, Getxon. 

Getariak hartu ditu gaur KAE 1 eta ETE ligetako estropadak. 11:00etan, ETE ligako estropada jokatu da, Ondarroako 36. bandera – Itsaskorda saria, alegia. Zumaiako Telmo Deun traineruak estropada bikaina egin du gaur, eta bigarren izan da bere txandan eta baita sailkapen orokorrean, bandera irabazi duen Tolosaldearekiko hiru segundo eskasera. Ziabogan lehenak ziren gorriak, segundo bateko aldearekin. Ondarroa hirugarren izan da, eta Deusto laugarren.

Hemen gaurko estropadako denborak.

Gizonezkoek Getariako XI. Estropada jokatu dute, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Zumaiako trainerua bigarren txandan aritu da, Arkote, Deusto eta Camargo kantabriarrarekin batera. Telmo Deunek itxura ona eman du gaurkoan, eta hirugarren izan da bere txandan, 20:46,06 denborarekin, txanda irabazi duen Deustorengatik 16 segundora. Arkote izan da bigarrena.

Estropada ohorezko txandan aritu den Pedreñak irabazi du. Sailkapen orokorrean seigarren egin dute gaur zumaiarrek. Bosgarren postua hurbil izan du Telmo Deunek, ohorezko txandan aritu den San Juan segundo eta erdira izan dute eta.

Estropadako denborak hemen ikus daitezke. 

Bihar, Getxon

Getxon jokatuko dira bihar KAE-1 eta ETE ligetako estropadak. Emakumeek Donibane Lohizune Ziburuko III. Ikurrina izango dute jokoan, 18:00etatik aurrera. Gizonezkoek, berriz, ligako seigarren jardunaldian ariko dira lehian ordubete geroago, 19:00etatik aurrera. 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide