Zumaia laugarren izan da emakumeetan eta zortzigarren gizonetan, Getxon

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 9a, 20:52

Argazkia: @GetxoKirolberri

ETE eta KAE 1 ligetako estropadak jokatu dira gaur, Getxoko estropada eremuan. Zumaiako bi ontziak lehiatu dira gaur, eta ezin izan dute bezperako emaitzak errepikatu: emakumezkoen Telmo Deun laugarren izan da, eta gizonezkoena zortzigarren. 

Donibane Lohizune Ziburuko III. Ikurrina zegoen gaur jokoan Getxon, ETE ligaren barruan. Bezperan, Getarian, bigarren izan ondoren, Zumaiako ontziak bazituen gauza handiak egiteko esperantzak, baina gaurkoan ez da posible izan. Kike Manterolak gidatutako ontzia laugarren izan da gaur, Tolosaldea, San Juan eta Hibaikaren atzetik.

Albiste ona: gaur ere Deusto atzean utzi dutela, eta, hala, tartea zabaldu dute sailkapen orokorrean. Zumaia hirugarren da, 37 punturekin, Tolosaldea (54 puntu) eta San Juan (40 puntu) kluben atzetik. Deusto atzean da, laugarren postuan, Ondarroarekin 34 puntura berdinduta.

Hona hemen gaur Getxon izan diren denborak.

Gizonezkoek, berriz, ligako seigarren jardunaldia zuten gaur jokoan. Estropada eremu bitxia izan da Getxon prestatu dutena: sei kaleko eremua izan da gaurkoa. Zumaia lehen txandan aritu da, beste bost ontzirekin batera. Bere txandako hirugarrena izan da, Camargo eta Astilleroren atzetik. 

Ohorezko txandan aritu diren bost ontziek denbora hobeagoak egin dituzte eta, ondorioz, zortzigarren postuarekin konformatu behar izan du Telmo Deunek gaurkoan. Estropada Deustok irabazi du.

Hemen ikus daitezke ligako seigarren jardunaldian izandako denborak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide