Bere tesi ikerketarako Itzurun baino leku egokiagorik ezin zuela aukeratu dio Jon Ander Clementek (Sestao, 1996). “Balio geologiko izugarria du, Geoparkearen ikurra da, prozesu asko gertatzen dira hango labarretan, eta jende askok erabiltzen du”. Azken bi ezaugarri horiek erabakigarriak dira bere lanerako, zientziaren aplikazio praktikoa baita bere lanaren azken helburua: harri jausiek sortzen duten istripu arriskua ekiditeko neurriak proposatzea. “Baina ez edozeren truke. Gure ingurumenak eta kostaldeak merezi dute begirunez zaintzea. Zumaiako kostalde hau, gainera, Geoparkea da, balio handiko ondare geologikoa. Hor ezin da ingeniaritza lan gogorrik egin. Ezinbestekoa da ikerketa ahalik eta zorrotzena egitea, hartuko diren neurriak ere egokiak eta zehatzak izan daitezen”. Eta horretarako, zientzia eta teknologia berriak erabili ditu.
Hamaika joan-etorri egin ditu Zumaiara ikerketa bertatik bertara egiteko. “Landa lanari denbora asko eskaini diogu. Funtsezkoa da labarretan gertatzen diren prozesuak lekuan bertan aztertzea eta bilakaeraren segimendua egitea. Datu asko hartu ditugu, geologiak eskaintzen dituen ikuspegi ia guztietatik, eta ahalik eta zehaztasun handienarekin: material mota, geruzek zer orientazio duten, haitzen haustura planoak, harriak nondik erortzen diren, noraino iristen diren, zer ibilbide egiten duten, harrien pisua eta tamaina neurtu ditugu... Zumaiar askorekin ere hitz egin dut, hondartzako ohiko erabiltzaileekin; azken finean, beraiek dakite ondoen arriskua non dagoen, harriak non erortzen diren edota zer istripu gertatu diren. Eta horrekin batera, teknologia berriak erabili ditugu, informazio horri guztiari etekin handiagoa ateratzeko. Horrela lortu dugu metodologia berritzaile bat, oso emaitza onak eman dizkiguna”.
Teknologia berriak aipatzen dituenean, drone bidez egindako grabazioak eta ordenagailuz software berezi batekin sortutako hiru dimentsioko modeloez ari da oinarrian. Dronearekin inguru guztia eskaneatu dute, Itzuruntxikiko sarreratik Santelmopeaino, zortzi zatitan banatuta, ahalik eta zehaztasun handiena lortzeko. Gero, informazio hori ordenagailuan landu dute eta sortu dituzte Itzurungo labarretako hiru dimentsioko irudiak, zehaztasun handikoak. Eta hemen dator lan horren guztiaren abantaila: simulazioak egin ditzakete. “Landa lanean lortutako datu guztiekin eta hiru dimentsioko modelo digital horiekin, gerta daitekeenaren aurreikuspenak egin ditzakegu”, dio Clementek. Esate baterako, probatu dezakete zer gerta daitekeen tamaina eta pisu jakin bateko harri bat erortzen bada leku eta altuera jakin batetik. Aurreikus dezakete harri horrek zer ibilbide egingo duen, zuzenean hondartzaraino iritsiko den, bidean koskaren batean jauzi egin eta ustez hura geldiarazteko eraikitako horma gaindituko duen, jendea arriskuko lekuetan jartzen ote den... Eta garrantzitsuena, zer neurri hartu behar den leku bakoitzean arriskua ekiditeko. “Guretzat garrantzitsuena da ikerketa zientifikoari ahalik eta baliabide eta denbora gehien eskaintzea, arriskua ekiditeko hartu behar diren neurriak ahalik eta zehatzenak eta arinenak izan daitezen”.
Arriskuak eta neurriak
Harri jausirik gertatzen ez den bitartean, ez gara ohartzen itsas labarrak eremu dinamikoa direla. Azken urteotan harri jausi esanguratsuak gertatu dira Algorrin, Itzurunen eta Marianton puntan. Denak aztertu dituzte, bakoitzak bere berezitasunak dauzka-eta. “Algorrin, esate baterako, bi kontu aipa daitezke. Batetik, duela urte gutxi hegoaldeko ezpondan haitz zati handi bat erori zen (azpialdeko haitz gorria gelditu zen bistan). Prozesu horri “ezponda amaigabea” deitzen diogu; azken finean, olatuen eta mareen higadura lanagatik une jakin batean haitzak kohesioa galdu eta erori egiten da. Bestea, justu K/Pg muga ezagunean gertatzen da. Justu behealdean materiala bigunagoa da eta hori pixkanaka jaten joango da itsasoa. Halako batean, Algorriko puntako zatiren bat eror daiteke, iraulita. Baina lasai egon, hori gertatzerako urte asko pasako dira”.
Algorriko labarretan sortu diren kobazuloak ere itsasoaren higaduraz sortu dira. Hor geruzaren orientazioak zerikusi handia du. “Geruza gogorra da, baina beti du ahulguneren bat. Puntu horietan egiten du lan itsasoak, pixkanaka pitzadura sortuko du eta hortik gero kobazulo eta uztai eder horiek. Hor ere ezponda mugagabearen prozesua gertatzen da, baina geruza gogorra da eta denbora asko behar du itsasoak higatzeko. Oso tartean behin gertatzen da eta mehatxua ez da apartekoa”. Oso urrutira joan gabe, San Telmo ermitaren azpian dauden haitz bloke handiak deigarriak dira oso, baina lasai egon gaitezke, ermita oraingoz ez dago arriskuan. “Egia da, ermita balkoi moduko batean dago, baina hor azpian dauden bloke handi horiek aspaldi eroritakoak dira. Gaur egun inguru nahikoa egonkorra dela esan dezakegu, eta hor ez dago arrisku handirik”.
Hondartzako inguru arriskutsuenetako bat, ordea, han aldamenean dago: San Telmo ondoko labarra eta pareko hondartza eremua. “Jendeak hondartzan ohitura du labarretik oso gertu jartzeko, itzal edo babes bila, eta leku hori oso arriskutsua da, etengabe ari direlako harriak erortzen. Labarrean txirrista moduko batzuk sortu dira geruza bigunenen higadurarekin, eta harriak hondartzaraino iristen dira”. Eta joan den udan gertatutako harri jausia ekarri du gogora. “Justu hilabete batzuk lehenago ordenagailuan egindako simulazioak esandakoa gertatu zen, guk kalkulatutako ibilbidea egin zuten harriek eta aurreikusitako lekuraino iritsi ziren. Ikerketaren ikuspegitik, sistemak funtzionatzen duela baieztatzeko balio izan zuen”.
Antzeko arriskua ikusten du Clementek Itzurungo San Telmoko aldea bereizten duen labar muturraren azpian jartzen den jendearentzat. “Jendea ez da jabetzen mehatxuaz. Baina, bestalde, guk oso garbi daukagu hor ezin dela inolako babesik edo hesirik jarri. Hondartza ezin da itxuraldatu, gure iritziz. Hartzak bizi diren baso batera basoaz, badakizu hartzekin kontuz ibili beharra dagoela; bada, jendeak jakin behar du geoparke batean dagoela eta haitzak erortzeko mehatxua dagoela”. Beraien proposamena da eremuaren “arrisku mapa” bat egitea, koloreak erabiliz. “Guk kalkulatu dugu puntu bakoitzean haitzak noraino iritsi daitezkeen. Informazio horrekin, arrisku eremua gorriz markatu dugu, horiz segurtasuneko tartea eta urdinez arriskurik gabekoa. Leku batzuetan bost metroko tartea utzi beharko da, beste batzuetan zazpi edo hamar. Mapa hori jendeak ikusteko moduan jarri beharko litzateke hondartzaren sarreran”.
Gure ibilbideari jarraituz, justu Zelai talasoterapiaren parean dagoen labar tarteari ere erreparatu diote. “Han, egurrezko zutoinez osatutako hesi batzuk jarri ziren eta, printzipioz, ondo egiten dute beraien lana. Baina oso garrantzitsua da noizean behin haien kontra pilatzen diren harriak kentzea, bestela betetzen doaz eta azkenean tranpolin moduko bat sortzen da harrientzat eta hesia gainditzen dute”. Hor ikusi duten beste mehatxua da geruzak oso etzanak daudela eta irauli eta erori egin daitezkeela zati handiak.
Arriskua ikusi duten beste tartea Talaimendin dago, Gurutze Gorriaren eta Txiringitoaren atzealdean. Han, hondartzara jaisteko aldapan, sarri ikusten dira bidera eroritako harriak. “Eta ez bidean bakarrik. Bidearen bestaldeko petrilean burdinazko eskubandan ere ikus daitezke harrien kolpeek utzitako markak. Horrek esan nahi du labarretik behera erortzean salto egiten dutela koskaren batean eta gainditu egiten dutela bidea bera”. Arriskurik handiena, hain zuzen ere, ezpondaren erdian dauden koska horiek eragiten dute, baina horrentzat ere badute soluzioa. “Behealdean, bidearen parean, hesi bat jarri beharko da, baina labarra bera ez dago ukitu beharrik”. Harriek jauzi egin eta hesia gaindi ez dezaten, landaredia da soluzio egokiena beraien iritziz. “Bertako landareak jartzen baditugu erreboteko eremuan, horrek energia asko kentzen dio harriari eta geldiarazi egiten du. Ez dago labarraren erdian bestelako oztopo artifizialik jarri beharrik”.
Eta azkenik, aldaparen behealdean, justu Itzuruntxikirako pasabidearen parean, harriak altuera handitik erortzen direla ikusi dute. “Hor ere txirrista moduko bat egiten du eta harriek ibilbide nahiko zuzena egiten dute goitik behera. Ikusita tarte hori ere hondartzaren parean dagoela, ez zaigu egokia iruditzen horma bat eraikitzea. Gure proposamena da zulo edo kuneta bat sortzea, harriak han gera daitezen hondarretara iritsi gabe. Hori bai, tartean behin garbitu egin beharko litzateke, betetzen bada atzetik eroriko diren harriek jauzi egin ez dezaten”.
Neurri horiek guztiak proposatzeko hamaika proba eta simulazio egin dituzte ordenagailuan, balekoak direla ziurtatzeko. “Eta ez gara simulazioetara mugatzen. Guretzat landa lana funtsezkoa da simulazioetan lortutako emaitzak zehatzak direla ziurtatzeko. Bien arteko kontrastea ezinbestekoa da”. Horretarako, labarretara etortzen direnean, erorketa berrienak aztertzen dituzte. Harrien tamaina eta pisua, materialaren ezaugarriak, non erori diren eta noraino iritsi diren, nondik erori diren (iturria)... “Harri erori berria nondik askatu den jakin dezakegu, askotan labarrean aldaketa igartzen delako kolorean, freskoago dagoelako oraindik (akordatu Algorriko harri jausian azpiko geruzan bistaratu zen kolore gorria)”. Datu horiek hartu eta ordenagailuan simulazioak egiten dituzte, emaitza berbera lortu arte parametroak-eta doituz. Horrela ziurtatzen dute sistemak funtzionatzen duela.
Itzurunen egindako ikerketari esker metodologia berria sortu dute eta euskal kostaldeko leku esanguratsuenetan aplikatzea da beraien gogoa. “Sinesten dugu zientziari eta ikerketa zehatzari esker neurri egokiagoak har daitezkeela ingurunea zaindu, ondarea babestu eta, aldi berean, arriskuak ekiditeko”.