Bandera irabazi du Zumaiak Santanderren

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 15a, 18:34

Argazkia: Telmo Deun A.E.

Zapigarren jardunaldian irabazi du Zumaiako emakumezkoen traineruak ETE ligako denboraldi honetako lehen bandera. Santandarren izan da, gaur arratsaldean. Bihar beste estropada bat izango dute, Kantabriako hiriburuan berriro ere. 

Bitan izan da Zumaia banderak irabazteko zorian uda honetan: denboraldiko lehen jardunaldian –lau ehunekogatik besterik ez zuten irabazi–, eta pasa den larunbatean, ETE ligako bosgarrenean. Bietan ere bigarren izan ziren Kike Manterolak gidatutako neskak. Bietan ere Tolosaldeak eraman zituen banderak etxera.

Gaurko estropadan ez da hala izan. Deusto, Tolosaldea eta San Juanekin lehiatu da Zumaia ohorezko mailan. Ohikoa den bezala, bi luzetara jokatu dute estropada, ziaboga batekin. Ziabogako orduan bigarren izan da Telmo Deun, buelta aurretik eman duen Tolosaldearekiko segundo bakarrera. Itzulerako luzean, baina, gorriak nagusitu dira; aurrea hartu diote Tolosaldeari, eta ez dute inoiz burua galdu. Bukaeran hiru segundo eta erdiko aldea izan da bandera irabazi duen Zumaia eta bigarren egin duen Tolosaldearen artean. Hibaika izan da hirugarren eta Deusto laugarren. 

Hemen ikus daitezke estropadan izandako denborak.

Bihar ROSMI bandera izango dute jokoan, 17:00etatik aurrera. 

Goizean KAE 1 ligako zazpigarren jardunaldia jokatu da, Santanderren baita ere. 50. Ciudad de Santander bandera jokatu dute, eta Zumaiako Telmo Deun traineruak ez du egun ona izan. Bigarren txandan aritu da, San Juan, Arkote eta Camargorekin batera, eta lehen luzerako atzean geratu da. Txandako denbora txarrena egin dute zumaiarrek, eta sailkapen orokorrean hamargarrenak izan dira. Bandera Pedreñak irabazi du.

Emakumeek bezala, gizonek ere estropada izango dute bihar Santanderren. Eguerdian izango da, XV. Marina de Cudeyo bandera. 

Hona hemen gizonezkoen estropadan izandako denborak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide