Antxon eta Goxerriren aurka neurtu ziren Aaron eta Uranga. Lehen seta irabazi zuten azken hauek. Atzean Uranga nagusi izan zen, eta aurreko koadroetan Aaronek ez zuen barkatu. Beste aldean, berriz, Goixerrik ezin izan zuen agindu lehen joko honetan, eta Antxonek ere ez zuen bere onena eman hasierako joko honetan. Seta 10-15 emaitzarekin bukatu zen Aaron eta Urangaren alde.
Bigarren jokoan gauzak aldatu egin ziren. Antxon eta Goixerri partida berdintzera atera ziren, eta ez zuten hutsik egin. Atzean Goixerrik pauso bat eman zuen aurrera, sekulako jokoa eginez, eta aurrean Antxonek ez zuen barkatu. 4-0 aurreratu ziren gorriak, eta hortik aurrera jaun eta jabe izan ziren. Bigarren seta 15-8 emaitzarekin bukatu zen.
Berdinketa hausteko setean ere Antxon eta Goixerri nagusi izan ziren, aurkariei aukerarik eman gabe, finalerako txartela lortuz. 3-0, 3-1 eta 5-1.
Jaialdiari hasiera eman zion beste finalerdian, Arbe eta Danel Mandiolak 1-2 emaitzarekin irabazi zien Gonzalez eta Jon Mendiolari (11-15, 15-12 eta 3-5).
Bi finalerdiak afizioa sortzen duten horietakoak izan direla adierazi dute antolatzaileek, eta Xisterako pilotariek duten maila agerian utzi dutela.