Dardarafest jaialdiak ez du hutsik egin pandemiaren garaian

Juan Luis Romatet

Zumaiako Dardara Musika Kolektiboak antolatzen duen Dardarafest musika jaialdia egin zen larunbatean Zumaiena ikastetxeko aretoan. Ohikoan baino neurri txikiagoan izan bazen ere, entzuleek izan zuten jaialdi honetaz gozatzeko aukera.

Aurreko urteetan Amaiako plazan egin izan da musika saioa. Aurten, pandemia dela eta, Herri Eskolako patioan zen egitekoa, baina eguraldi txarragatik Zumaienako aretora mugitu behar izan dute. 

Nagore Etxabe zumaiarraren Nagore ta Ni bakarkako proiektuak eman zion hasiera jaialdiari. Baxuaren eta pedalen bidez lortzen dituen soinuez jantzi zuen bere musika zumaiarrak. 

Moura talde galiziarraren txanda izan zen ondoren. Folka eta post rocka uztartuaz, galiziarrek dardarka jarri zuten aretoa. Natali gaztearen saioak eman zion amaiera aurtengo jaialdiari.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide