Asteburuetan ez ditu Osakidetzak koronabirusaren herriz herriko datuak ematen, baina ohi bezala, gaur –astelehena– jakinarazi ditu asteburuan herriz herri atzeman dituzten COVID-19 kasuak. Hain justu, lau koronabirus kasu zenbatu dituzte Zumaian –bat atzo eta herenegun hiru–. Eskualdeko gainontzeko herrietan, berriz, 23 izan dira detektatutako kasuak. Zarautzen atzeman dituzte positibo gehien: hamabi (horietako bost atzo, bezperan sei, eta ostiralean bost). Azpeitian, bost positibo zenbatu dituzte; atzo hiru eta herenegun bi. Azkoitian, hiru kasu zenbatu dituzte –hirurak atzo–. Bestalde, Errezilen, Orion eta Zestoan kasu bana zenbatu dute asteburuan. Getarian, Aizarnazabalen eta Beizaman, berriz, ez dute positiborik atzeman.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, 409 koronabirus kasu positibo zenbatu zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Kasu horietatik gehienak Bizkaian atzeman dituzte –225–; 132 zenbatu dituzte Gipuzkoan, eta beste 41 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi direnen kasuan, berriz, 11 izan dira PCR proban positibo eman dutenak.
Positibo eta ospitaleratze gutxiago
Azken egunetako datuekin alderatuta, COVID-19 gaitzaz kutsatutakoen kopuruak nabarmen egin du behera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; izan ere, herenegun baino 264 kasu gutxiago zenbatu zituzten atzo, eta ostiraleko kasuen erdiak. Dena dela, aipatzekoa da atzo azken egunetan baino PCR proba gutxiago egin zituztela: atzo, guztira, 5.928 PCR proba egin zituen Osakidetzak, herenegun baino 1.322 gutxiago eta ostiralean baino 4.055 gutxiago.
Atzo, 22 lagun ospitaleratu zituzten koronabirusaren eraginez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Datu horri dagokionez ere beherakada izan da; izan ere, azken astean 30 ospitaleratzeren langa gainditu da egunero. Gaur-gaurkoz, 295 pertsona daude hiru lurralde horietako ospitaleetan gaitzaren eraginez; horietatik 35 ZIU zainketa intentsiboetarako unitateetan.