Kontxako sailkatze estropadak jokatuko dira gaur eta bihar

Juan Luis Romatet 2020ko ira. 2a, 13:10

Irudi hau ez da errepikatuko aurten. Argazkia: Joseba Zubiaurre

Kontxako banderarako sailkatze estropadak jokatuko dira gaur eta bihar, Donostiako badian. Gaur emakumeen txanda izango da, eta bihar gizonena. 17:30ean izango dira bi estropadak, erlojuaren aurka, eta guztira 39 traineruk parte hartuko dute: 14 emakumeetan eta 25 gizonetan. 

Zumaia bi ontzirekin lehiatuko da sailkatze estropada honetan: emakumeetan eta gizonetan bana. Zazpina ontzi sailkatu dira datozen bi igandetako estropadetarako, eta adituen ustetan Zumaiako emakumeen traineruak baditu hilaren 6an eta 13an Donostiako badian egoteko aukerak. ETE ligan hirugarren postuan amaitu du Telmo Deun arraun elkarteko traineruak. Gizonei dagokionez, Zumaiak apenas duen aukerarik gaur zazpi onenen artean egoteko.

COVID-19ak baldintzatutako bandera izango da aurtengoa: ez da publikorik izango estropada jarraitzen, Donostiako Udalak proba jarraitu daitekeen lekuetara sartzea galaraziko dio jendeari. Beraz, aurten ez da izango aurreko urteetako irudi koloretsurik Donostiako arranplan, Pasealeku Berrian edo Urgull mendian. Hala, Joseba Zubiaurrek bidali dizkigun argazkietako irudiak berriro ikusteko denbora pasako da. Zubiaurre berak esan bezala, "etxetik, baina aupa Zumaia!".

Zumaiako zaletuak orain urte batzuetako Kontxako estropadan. Argazkia: Joseba Zubiaurre.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide