Kontxan lehiatzeko sailkatu dira Zumaiako emakumezkoak

Aritz Mutiozabal 2020ko ira. 2a, 19:17

Argazkia: @telmodeunAE

Laugarren denbora onena erdietsi dute zumaiarrek gaurko sailkatze estropadan, bosgarren izan den Hondarribia baino ehuneko batzuk gutxiago eginda.

Kontxako Banderako sailkatze estropaden lehen jardunaldia egin da gaur arratsaldean. Osasun krisia dela eta, sailkatze estropadak bi egunetan egingo dira aurten, jende pilaketak eragozteko. Hori horrela izanik, gaur emakumezkoen txanda izan da, eta hamahiru traineru aritu dira arraunean Donostiako badian. Igandeko estropadarako zazpi txartel izan dituzte jokoan; Donostiarra zuzenean dago sailkatuta. 

Eskualdeko taldeei dagokionez, bi taldek –Oriok eta Zumaiak– parte hartu dute, eta biek lortu dute sailkatzea. Oriotarrek erakustaldi bikaina eman dute, 11:08:82ko denborarekin lehen postuan bukatuz, eta agerian utzi dute Euskotren ligako nagusitasun bera berretsi nahi dutela arraun denboraldiko hitzordu garrantzitsuenean ere. Zumaiak bere aukerak baliatu ditu, eta estropada txukuna eginez barrura sartu da.

Euskotreneko ontziek ez dute hutsik egin, eta etxeko lanak eginda, Arraun Lagunak eta Hondarribiak ez dute arazorik izan sailkatzeko. Gainerakoan, ETE ligako taldeak benetan indartsu daudela erakutsi dute. Datozen bi igandeetan lehia polita emango duten seinale. Izan ere, ETEko lider Tolosaldea bigarren izan da gaurkoan, oriotarrengandik zortzi segundora. Edonola ere, kontuan izan behar da lehen luzean, ziaboga bitartean, denbora bera egin dutela.

Arraun Lagunak izan da hirugarren hamabi segundora, eta Zumaia laugarren hemeretzi segundora; Hondarribiak bosgarren kokatu da ehuneko batzuk gehiagorekin. Azken bi txartelak San Juanek eta Hibaikak erdietsi dituzte, hurrenez hurren.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide