Beste kasu positibo bat zenbatu dute Zumaian

Juan Luis Romatet 2020ko irailaren 4a

Positibo kopuruak gora egin du beste behin ere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Beste 705 kasu positibo zenbatu dituzte egindako 9.841 PCR probatan. Horietatik hamalau Urola Kosta eskualdean zenbatu dituzte, bezperan baino zortzi gehiago. Kasu hauetako bat Zumaian atzeman dute. 

Eskualdeko zazpi herritan izan ziren positiboak atzo, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera. Azpeitian eta Zarautzen launa kasu izan dira, Orion bi, eta Azkoitian, Errezilen, Getarian eta Zumaian bana. 

Azken zazpi egunean izandako datuen arabera, bost kasu izan dira Zumaian astebeteko epean. 

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere gora egin du kopuruak. Asteazkenean baino 100 kasu positibo gehiago atzeman dituzte: 705 kasu izan dira azken orduetan; herenegun 605 kasu izan ziren. Egindako PCR probek ere gora egin dute: herenegun 9.145 proba egin ziren; atzo 9.841.

Beste behin ere Bizkaian zenbatu dituzte positibo gehien –357 kasu lurralde horretan. Gipuzkoan asko egin du gora kopuruak: herenegun izandako 165 kasuetatik atzoko 217ra igo dira positiboak. Araban ere gora egin dute: 53 izan ziren herenegun, eta 122 atzo. 

Osasun Sailak emandako datuen arabera, 253 lagun daude ospitaleratuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, herenegun baino sei gutxiago. Horietatik 48 daude ZIUn, herenegun baino bat gehiago. Atzo, guztira, 47 lagun ospitaleratu zituzten. RO indizea, berriz, 0,93, bezperan baino ehuneko bat gutxiago.

Nafarroan, berriz, 158 positibo zenbatu dituzte atzo egindako 2.068 PCR probetan, herenegun baino 47 positibo gehiago. Koronabirusaren eraginez, azken orduetan hamalau lagun ospitaleratu dituzte –horietako hiru ZIUn–.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide